Kultura eta hizkuntza aniztasunaren inguruko hainbat jarduera egingo dituzte, Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren barruan

Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren hirugarren edizioa abian da, eta aurtengoan, kultura eta hizkuntza aniztasuna landuko dituzte. Kutxa Fundazioak 2023an sortu zuen ekimena, helburu argi batekin: herritarrak 2030 Agendara hurbiltzea eta Garapen Jasangarrirako Helburuetan parte hartzea. Urtez urte, 2030 Agendako helburu bati heldu zaio: 2023an bigarren helburua landu zen, Goserik eza; 2024an, aldiz, hamaikagarren helburuan jarri zen fokua, Hiri eta komunitate jasangarriak; eta aurten, 17+1 helburua da oinarri, hau da, Kultura eta hizkuntza aniztasuna.
Horretarako, lurraldeko hirugarren sektore ekosozialeko eragileekin elkarlanean, hemeretzi jarduera biltzen dituen Klik agenda prestatu dute. Programa maiatzaren 19etik ekainaren 20ra gauzatuko da Gipuzkoako hainbat udalerritan, eta izen ematea zabalik dago Hitzetatik Ekintzetara webgunearen bidez.
Datozen bi asteetan, dozena bat Klik edo jarduera egingo dituzte Donostian, eragile ezberdinen bidez. Hona hemen egitaraua:
-Katalina Erauso eta Zuhaizti ikastetxeetako ikasleek Gorputz tantak proiektu pedagogikoan hartuko dute parte. Hiru saio egingo dituzte, maiatzaren 19an, 26an eta ekainaren 2an, eta gazteek gorputza eta mugimendua baliatuko dituzte adierazpen hizkuntza gisa. Saioetan sortutako material pedagogikoa hezkuntza komunitatearekin partekatzea izango da helburua.
-Debegesa, Somos Tinc eta Gako eragileek Euskal Ahotsak esperimentu soziala egingo dute egun berean Donostian, Irunen eta Lazkaon. Maiatzaren 20an, asteartea, izango da, eta ekimenaren helburua herritarrek euskal kulturaren inguruan duten iritzia ezagutzea izango da. Hau da, gure burua gizarte gisa behatzeko, aurreiritziak apurtzeko, gure ahotsak entzuteko eta iruditeria berriak elkarrekin sortzeko proposamena izango da.
-Maiatzaren 21ean, halaber, Etorkizuneko naturaren izendegia sormen ariketa antolatuko du Badalabek Donostiako Aquariumean. Scavengers Reign-en (HBOren zientzia-fikziozko animaziozko telesaila) lehen atala estreinatuko dute esklusiban Europan eta euskaraz, eta saioan izango dira sortzaileetako bat, Jon Juarez, eta Katixa Agirre idazlea. Elkarrekin, beraien sormen prozesuaz hitz egiteaz gain, etorkizuna bera zein hizkuntzen etorkizuna irudikatzeko zientzia fikzioak duen gaitasunaz arituko dira eta parte hartzaileekin etorkizuneko hiztegi bat sortzeko sormen ariketa egingo dute.
-Maiatzaren 23an, ostirala, Matia Fundazioak Kantuklik kantujira egingo du Donostian, kantu giro herrikoia berreskuratzeko eta adinekoek kulturaren eta hizkuntzaren transmisioan duten zeregin garrantzitsua balioan jartzeko. Lamourous egoitzatik hasita, kantujirak Intxaurrondo Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu, eta bizilagunen, gazteen eta helduen elkargune bihurtuko da. Ekimena auzoko sagardotegi batean amaituko da, bazkalosteko kantuarekin.
-Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak, halaber, DET Donostiako Euskaltzaleen Topaketa antolatuko du maiatzaren 24an, larunbata, 09:30 eta 13:30 artean San Telmo Museoan. Komunitate euskaldun irekiago eta anitzago bat eraikitzeko oinarriak aztertuko dituzte bertan, eta gaur gaurkoz euskaratik egiten den harrera nolakoa den ikusi. Hala, hiria osatzen duten eragile sozialekin, iritsi berriak diren pertsonekin eta euskaltzaleekin egingo dute hausnarketa.
-Sos Arrazakeria elkarteak, bere aldetik, Bizilagunak ekimenaren berri emateko informazio puntua jarriko du maiatzaren 24an Saguesen. Aniztasunaren egunaren eta astearen harira, Urretxindorra graffitia egingo dute egun horretan Sagueseko frontoian, eta une hori aprobetxatuko dute Bizilagunak ekimenaren inguruko informazioa emateko. Ekimen honen bidez, atzerrian jaiotako familia bat eta hemen jaiotako beste bat mahai baten bueltan elkartuko dira, kulturen arteko bazkari batez gozatzeko, esperientziak partekatzeko eta elkar ezagutzeko.
-Aranzadi Zientzia elkarteak, Jatorkin elkarteak eta Unescok Donostian duen Unetxeak, aldiz, Istorioak zeruan zehar topaketa antolatuko dute Egiako kultur etxean, maiatzaren 30ean. Kultura askok zerura begiratu dute erantzunen, seinaleen eta kontakizunen bila, eta saio honetan, begirada horiek partekatzeko gune bat zabalduko dute: zientziaz, ezagutza kulturalaz eta aniztasunaz hitz egiteko, zerura begiratzean komunitate desberdinek zer ulertzen duten aztertuz.
Kultura eta hizkuntza aniztasuna
Nazio Batuen Erakundeak 2015ean adostu zituen milurtekoaren Garapen Jasangarrirako hamazazpi Helburuak, baina horiek ez zioten hizkuntzari eta kulturari erreferentzia zuzenik egiten. Horregatik, 2017az geroztik, hemezortzigarren helburua txertatzeko prozesua abian jarri dute EAEko eragileek, eta Hitzetatik Ekintzetara ekimenaren bidez ere indarra eman nahi izan zaio helburu horri.