LGTBI+ kolektiboko pertsonen aurkako 24 intzidentzia erregistratu zituzten 2024an

Maiatzaren 17an homofobia, lesfobia, transfobia eta bifobiaren aurkako nazioarteko eguna dela eta, Donostiako Udalak LGTBI+fobiak hirian izandako intzidentziei buruzko laugarren txostena aurkeztu du gaur, Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziaren eskutik.
Sorginlore Elkarteak egin du dokumentua, eta horren arabera, iaz 24 intzidentzia izan ziren Donostian LGTBI+ kolektiboko pertsonen aurka. Horietatik %79,2 homofoboak izan ziren, gehienbat gizonek eragindakoak eta pairatutakoak, eta batez ere espazio publiko eta erdipublikoetan egindakoak.
Guztira, hemeretzi homofobia kasu erregistratu zituzten, eta hori da kausa hedatuena (%79,2). Ondoren, transfobia eta lesbofobia daude, bi kasu bakoitzeko. Txostena osatu ahal izateko, askotariko informazio iturriak izan ditu Sorginlore Elkarteak, tartean, Gipuzkoako Trans Asanblada, Gehitu elkartea, Naizen elkartea, Hiruki Larroxa, EHGAM mugimendua, Donostiako Udaltzaingoa, Ertzaintza eta baita IRUTXULOKO HITZA ere, beste askoren artean.
“Zoritxarrez, errealitate gordin bati aurre egiten dioten datu batzuk aurkitu ditugu: sexu orientazioagatik edo sexu identitateagatik soilik, arbuioz baztertzen dituzten jarrerak eta portaerak daude oraindik geure gizartean, XXI mendean. Eta nahiz eta batzuek arazo hori gaindituta dagoela uste, oraindik ere erasoak —hitzezkoak zein fisikoak—, bazterketak, isekak edo diskriminazioak gertatzen dira, bai lan esparruan, baita hezkuntzan, sareetan eta kalean ere. Ezin dugu onartu. Ezin dugu beste aldera begiratu”, adierazi du Oiarbidek.
Intzidentzia handiena ekainean, uztailean eta abenduan
Txostenaren arabera, “gizarte interakzio handiena dagoen hilabeteetan” gertatzen dira intzidentzia gehienak, udan, esaterako. Ekainean eta abuztuan, hain zuzen ere. Abenduan izandako intzidentziak ere nabarmentzen dira txosten honetan.
Gune publikoetan gertatzen dira kasu gehienak, bide publikoan zehazki, 24 kasuetatik 10 eman ziren. Espazio erdipublikoak gehituz gero, 22 kasu daude ( %91,7). Ondoren, espazio pribatuak (etxeak) daude, %8,3rekin.
Eraso mota hedatuena hitzezkoak dira (%41,9), ondoren fisikoak eta diskriminaziozkoak (%14 kasu bakoitzean) eta tratu apalesgarria (%11,6). Beraz, zuzeneko erasoek gehiengoa batzen dute.
Txostenak jasotzen duenez, intzidentzia edo eraso gehienak gizonek egiten dituzte (%62,5), jarrera eta portaera homofoboekin, batez ere hitzezko eraso moduan. Hala ere, gizon erasotzaileen ehunekoak behera egin du 2023. urtearekin alderatuta (%80ra iristen zen), baina gora egin dute erasoek gizon taldeetan.
Kasuen %70,8an biktima gizona da, %12,5ean emakumea. 2024an zehar, ez da biktimek adierazpen edo nortasun disidenteak dituzten gorabeherarik erregistratu.
Bestalde, Oiarbidek nabarmendu du 2024ko 24 kasu horiek joera aldaketa dakartela, azken hiru urteetan kasuek behera egin baitute: 19 izan ziren 2021ean, 18 2022an eta 15 2023an.
Politika publikoetan aurrera egitea
Zinegotziak adierazi du LGTBI+fobiko intzidentziei buruzko laugarren txosten honek bat egiten duela Donostiako Udala “politika publiko inklusiboen diseinuan aurrera egiteko egiten ari den ekimenekin, dibertsitateei balioa emateko, diskriminaziorik eza bermatzeko eta pertsona guztien aukera berdintasuna bermatzeko, haien sexu orientazioa, adierazpena edo genero identitatea edozein izanda ere”.
Gainera, abian da gorroto arrazista, xenofobo, ijitoen aurkako eta LGTBI+fobikoen aurkako gertakari eta delituen aurrean udal protokoloa sortzeko prozesua, bai eta udal langileentzat tratu berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko prestakuntza ere. Ekainaren 28an, gainera, Askatasun afektibo/sexualaren eguna ospatuko dute LGTBI+ elkarteekin batera.