Elikagaien Bankuko apalak betetzera deitu dituzte herritarrak
Azken hilabeteetan behera egin dute dohaintzek; ostiralean eta larunbatean aurrera eramango dute Udaberriko Bilketa.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak 17.202 pertsonari laguntza ematen dio eta hori egin ahal izatea bermatzeko, Udaberriko Bilketan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Ostiralean eta larunbatean, hilak 23 eta 24, gauzatuko duten egitasmoa goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan, Bankuko lehendakari Belen Mendez de Vigok eta Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok. Agerraldia baliatu dute, halaber, egungo egoera “kritikoaren” berri eman eta dohaintza bakoitzak duen garrantzia nabarmentzeko.
350.000 kilo jaso behar dituzte, gutxienez, bestela, kolokan egongo da udazkenera arte hilabetero elikagaiak banatu ahal izatea. Hala ohartarazi du Mendez de Vigok: “Ez dugu eskale itxura eman nahi. Pertsonen historiak ikusten ditugu: inoiz eduki ez duena, ematen zuena eta orain jasotzen duena… Eta arreta eskatu behar diogu gizarteari gauzak gaizki doazenean. Halaber, erosketetarako diruak gero eta gutxiagorako ematen duela ere ikusten dugu. Pentsa gutxi daukanaren kasuan! Elikagaien Bankua gizartearena da eta gizartearentzat, eta gu hemen gaude beharra dagoenean laguntzeko”.
Egungo egoera 2022tik jasan duen baliabide galera progresiboaren ondorio da. Hori zenbait faktoreren ondorio da:
- Europako laguntzen amaiera: 2023 eta 2024 artean, Europako funtsetatik (FSE+) zetozen 400.000 kilo elikagai jasotzeari utzi diote, horiekin 6.000 pertsona artatzen zituzten. Diru txartelek formula berria ozta-ozta iristen da familien erdira.
- Diru dohaintzen jaitsiera: Lehen lauhilekoan, Elikagai Bankuaren erosketak ia 70.000 euro gutxitu dira, iaz epe berean egindakoekin alderatuta.
- Bilketen gainbehera: Iazko kanpainan 2023koan baino %6 gutxiago bildu zuten, eta 2022an baino %22 gutxiago, hein batean DANAk eragindako ezbeharren ondorioz.
- Azken Minutua programaren beherakada: bilketa puntuak ugaritu badira ere, 70.000 kilo gutxiago jaso dituzte aurten.
Hori horrela, Asensiok nabarmendu du aste honetako bilketaren garrantzia. “17.000 laguni emandako elikagaien banaketa arriskuan dago. Ezin dugu beste alde batera begiratu. Udaberriko bilketa hau ez da beste bat: gakoa da. Horregatik herritarren elkartasuna eskatzen dugu”. Hutsik dauden apalak, denen artean betetzeko.