Garaipen batekin agurtu dute Alguacil

Irabazi, galdu edo berdindu, arratsalde berezia izango zen atzokoa Anoetan, Imanol Alguacil entrenatzailearen agurra baitzen —partida bat gelditzen zaio, baina etxeko azkena zen—. Baina, noski, irabazita are bereziagoa izango zen agurra, eta hala izan zen. Pablo Marinek aurreratu zuen talde txuri-urdina markagailuan bosgarren minutuan, baina laster berdindu zuen Gironak, zaleen poza tarte batez apalduz. Hogeigarren minutuan, aldiz, penaltiz 2-1ekoa jarri zuen markagailuan Mikel Oiartzabal kapitainak, baina hori ere ez zen nahikoa izan, 77. minutuan berdinketa lortu baitzuen talde katalanak; ez zegoen ezer jokoan atzokoan, eta, hori dela eta, Gironaren golean ere, Aitor Zabaleta harmailan festak jarraitu zuen, zaleek ez baitzioten abesteari eta salto egiteari utzi. Festa borobildu zuen luzapenean Mariezkurrenak, bolea bikain batez 3-2koa jarriz markagailuan. Partida irabazita eta ohorezko intsignia jasota, zelaiari buelta osoa eman zion Alguacilek bere laguntzaile talde eta jokalari guztiekin batera, jendea agurtuz. Denek Bultzada Txuri Urdinarekin abesten amaitu zuten arratsaldea. Laster arte, Imanol!
Futbolarekin jarraituz, ligako azken partida jokatu zuten Realeko neskek igandean, ezer jokoan eduki gabe. Ezin izan zuten, ordea, denboraldia garaipen batekin itxi, 4-1 galdu baitzuten Teneriferen etxean. 2025-2026ko denboraldira begira jarri da dagoeneko talde txuri-urdina, ligako goiko postuetara itzultzea helburu.
Saskibaloian, aldapan gora jarri zaizkio ACB ligara igotzeko kanporaketako final-laurdenak Gipuzkoa Basketi, Estudiantesen etxean lehenengo bi partidak galdu baititu. Donostiara iritsiko da aste honetan kanporaketa: ostiralean (hilak 23, 20:00), igandean (hilak 25, 18:00) eta hurrengo ostiralean (hilak 30, Estudiantesen etxean) daude aurreikusita neurketak, baina Estudiantesek lehenengoa irabaziko balu, kanporaketa gaindituta edukiko luke. Lehenengo biak irabazi eta bosgarren partida jokaraztea da donostiarren itxaropen eta aukera bakarra.
Belar hockeyan, porrot mingarria jaso zuen Realak igandean Club de Campo Villa de Madriden etxean: 5-0- Neurketa bat gelditzen zaie txuri-urdinei liga itxi eta hurrengo denboraldira begira jartzeko.
Azkenik, aipatzekoa da emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia izan dela asteburu honetan eta Donostian hasi eta amaitu zela azken etapa erabakigarria, igandean. Demi Vollering txirrindulariak irabazi zuen etapa eta baita Itzulia bera ere, bere hirugarren txapela eskuratuz.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 37. jardunaldia
- Reala 3 — Girona 2
Emakumezkoen liga, 30. jardunaldia
- Tenerife 4 — Reala 1
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, ACBra igotzeko kanporaketetako final-laurdenak
- Estudiantes 83 — Gipuzkoa Basket 71
- Estudiantes 86 — Gipuzkoa Basket 84
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 21. jardunaldia
- Club de Campo Villa de Madrid 5 — Reala 0
Eskubaloia
Emakumezkoen ligako titulurako finalerdiak
- Bera Bera — Malaga (asteazkena, 21, 20:30)