Hiru hirigile adituk Donostiako hiri ereduari buruz hausnartu eta eztabaidatuko dute datorren ostegunean
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatutako 'Hiri Eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035' jardunaldian hitzaldi bana emango dute, eta ondoren, solasaldian ariko dira.

Gipuzkoako etorkizuneko lurralde eta hiri ereduari buruzko hausnarketa eta eztabaida zikloarekin jarraituz, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Hiri Eredua: Donostia-Gipuzkoa 2035 jardunaldi berri bat aurrera eramango du ostegunean, hilak 22, EHUko Arkitektura Eskolako paraninfoan, 18:00etan. Apirilekoan Donostiako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariek parte hartu bazuten; maiatzekoan, aldiz, adituak diren hiru arkitekto hirigilek Gipuzkoako hiriburuaren egungo egoera aztertuko dute hitzaldi banatan: Angel Martin, arkitektoa eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko katedraduna; Sebastia Jornet, arkitekto hirigilea eta Jornet Llop Pastor estudioko bazkide sortzailea; eta Patxo de Leon, arkitekto hirigilea, bere ibilbide guztia hirigintza planeamenduari, lurralde kudeaketari eta hiri diseinuari eskaini diona Ondoren, Izaskun Aseguinolaza arkitektura doktoreak moderatutako eztabaida aurrera eramango dute.
Hiriaren eta lurraldearen ikuspegitik abiatuta, hiriaren indargune nagusiak eta aurrean dituen erronkak identifikatuko dituzte. Halaber, etorkizuneko eraldaketa bidera dezaketen plangintza-tresnak eta politika publikoak jorratuko dituzte, eta arreta berezia jarriko diote HAPOaren bilakaerari, hiri bidezkoago, jasangarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egiteko erreminta den aldetik. ibilbide luzea duten hiru hirigile adituk hartuko dute parte.
Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da COAVN Gipuzkoaren webgunean.