Igeldoko udal pilotalekua eraberritzeko lanak hasi dituzte

Donostia Kirola udal erakundea gaur (hilak 19) hasi da Igeldoko udal pilotalekua eraberritzeko lanekin. Igeldotarrek aurrekontu parte hartzaileen prozesuan proposatutako esku hartzea da, eta eraberritzearen helburu nagusia da euria egiten duenean frontoian urik ez sartzea.
Obra Construcciones Echaide enpresari ari da lanak egiten, 118.559 euroko udal aurrekontuarekin. Esku hartzea uda ostean amaitzea da udalaren aurreikuspena, “izan ere, obren erritmoa, auzoak eskatuta, ekainaren amaieran herriko San Pedro jaietan erabili ahal izateko egokituko da”, Donostia Kirolak azaldu duenez.
Euri urik ez sartzeko, frontoiaren alboko fatxadaren eta estalkiaren arteko zuloan eta ondoko urbanizazioaren esku hartuko dute, bereziki. Era berean, frontoiaren kanpoaldeko fatxadak eta ezkerraldeko pareta saneatu eta margotuko dituzte, baita frontisaren gainean txapazko itxitura bat jarri ere, bertatik eguzki argia sartu eta jokalariak itsutu ez ditzan.
Donostia Kirolak gogorarazi du Igeldoko pilotalekua 1912an inauguratu zutela eta 1994an jarri ziotela estalkia. Alboko eta atzeko itxiturak, aldiz, 2001ean jarri zizkioten.