Josetxo Mayorren plaza inauguratu dute Ulian

Club Vasco de Camping elkarteak 75 urte bete ditu aurten, eta urteurreneko festa egin zuten larunbatean Ulian. Ekitaldia Uliako plater tiroketa gunearen alboko plazan egin zuten egun ia osoan zehar, berriki Josetxo Mayor Uliako zaindariaren izena hartu duen plazan. Hain zuzen ere, plazaren inaugurazioarekin hasi zuten eguna, ondoren bertan askotariko jarduerak garatzeko, giro ederrean. Udalak ere parte hartu zuen ekitaldian.
Club Vasco de Camping 1950ean sortu zuten eta, egun, 4.000 bazkide inguru ditu. Urteurrena ondo baino hobeto hasi zuten urtarrilean, San Sebastian egunean Plaza Berrian zintzilik egon zen bandera jaso baitzuten horren harira.

Zuzeneko musika ere izan zuten Club Vasco de Campingen 75. urteurreneko festan.Club Vasco de Camping

Club Vasco de Camping elkarteak Josetxo Mayorren plaza inauguratu du asteburuan Ulian, elkartearen 75. urteurrena ospatzearekin batera. Martin Ibabe Segurtasun, Suhiltzaile eta Babes Zibileko zinegotzia ekitaldian egon zen (ezkerretik, lehenengoa).Club Vasco de Camping
Josetxo Mayor
Ulia mendiaren magalean jaio zen Mayor, eta bertako basoak eta bidexkak izan ziren haurrak esploratu zituen lehen lurrak. Handik urte batzuetara, haurtzaroko inguru haietara itzuli zenean, umetan egiten zituen bide asko sastrakak janda desagertu zirela ikusi zuen, eta bide horiek berreskuratu eta bide berriak sortzen eman zuen bizitzaren zati handi bat.
1995ean, Donostiako Udalaren Hiritzar Merezimenduaren Domina eskuratu zuen, eta orduan izan zuen bere lanak oihartzun handiena, nahiz eta herritar askorentzat pertsona ezaguna eta maitatua zen aurretik ere. IRUTXULOKO HITZAk 2006an elkarrizketatu zuen Mayor, eta hemen irakur dezakezue elkarrizketa. 2017an zendu zen, 84 urterekin.