Lehen aldi askorekin iritsiko da 86. Musika Hamabostaldia

86. Musika Hamabostaldia “lehen aldi askorekin” ospatuko da aurten, abuztuaren 1etik 29ra. Hala nabarmendu du gaur Patrick Alfayak, Donostiako eta penintsulako musika jaialdi zaharrenaren zuzendariak, Tabakaleran egin duten aurkezpenean.
Orotara, 74 ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da edizio honetan zehar, eta ziklo guztiak mantenduko dituzte aurten ere. Donostian ez ezik, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko zenbat herritara ere zabaldu dute programazioa. “Aurkezpen honi izenburu bat jarri beharko banio, Lehen aldia deituko nioke, aurten hainbat gauzei bira bat eman diegulako, eta programa berriak izateaz gain, Hamabostaldian izan ez ditugun orkestrak eta artistak izango ditugulako”, azaldu du Alfayak.
Horrela, lehen aldiz izango da Valentziako Palau de les Artseko orkestra Musika Hamabostaldian, abuztuaren 4an. “Aspalditik gonbidatu nahi genituen, bikainak direlako, eta Espainiako orkestrarik gazteena da”, zehaztu du zuzendariak.
Jordi Savall, Donostian eta Musika Hamabostaldian askotan egon izan dena, lehen aldiz etorriko da bere taldeekin abuztuaren 24an: Le Concert des Nations eta La Capella Nacional de Catalunyarekin. Walpurgisen lehen gaua eta Mendelssohnen 3. Sinfonia, Eskoziarra, interpretatuko dute Kursaalen, 100 musikari ingururekin.
Parisko Operaren Orkestra ere lehen aldiz izango da jaialdian, abuztuaren 27an, eta baita Leipzigeko Gewandhaus orkestra ere, abuztuaren 28an eta 29an. “Azken honek ilusio berezia egiten digu, ekartzea oso zaila den orkestra bat delako”, zehaztu du Alfayak.
Lehen aldiekin jarraituz, Rafaela Carrasco ere lehenengoz izango da Musika Hamabostaldian. Flamenkoa ekarriko du Viktoria Eugenia antzokira, Nocturna. Arquitectura del Insomnio lanaren eskutik (abuztuak 5). Carrasco koreografoa da, eta 2023an, Dantzako Sari Nazionala irabazi zuen.
Obrei dagokionez, lehen aldiz interpretatuko dute Guridiren Amaya opera, kontzertu bertsioan (abuztuak 9). Diego Martin-Etxeberriaren zuzendaritzapean, Euskadiko Orkestra, Easo Abesbatza, Arantza Ezenarro, Gillen Mungia, Marife Nogales, Lucia Gomez, Juan Laboreria eta Jose Manuel Diaz arituko dira obra interpretatzen.
Bestalde, abuztuaren 20an, Bernsteinen lanik ezagunentzat eta gaur egun musikal nagusitzat jotzen den West Side Story izango da kontzertu bertsioan. “XX. mendearen erdialdeko New Yorkeko Romeo eta Julieta dira, nolabait”, adierazi dute Musika Hamabostaldiaren antolatzaileek.
Programazioa osorik Musika Hamabostaldiaren webgunean ikusi ahal izango duzue.
Sarreren salmenta
86. Musika Hamabostaldirako sarrerak asteazkenean, hilaren 21ean, jarriko dituzte salgai. 11:30etik aurrera, jaialdiaren webgunean eta Kursaal nahiz Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira.