118 taxik gehiagok zerbitzua eskainiko dute udan Donostian

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak Donostialdeko Erregimen Bereziko Eremuaren (EBE) 2025erako egutegi ofiziala eta indarraldi ordutegiak argitaratu berri ditu, eta Radio Taxi Donostia elkarteak azaldu duenez, “Donostiak taxi zerbitzuari dagokionez udan izango duen aparteko babesa berresten du” horrek: “Ekainetik urrira, Donostiako taxien flota egungo 308tik 426ra igaroko da, Erregimen Bereziko Eremuari esker”.
EBE iazko abenduan sartu zen indarrean, eta, horren bidez, Donostiaren inguruko hamar udalerritako taxiek hirian eskaini dezakete zerbitzua, aurretik adostutako data jakin batzuetan, eskari handikoetan: “EBE ezarri zenetik, asteburuetan eta eskaera handiko data seinalatuetan ematen zela jada errefortzu hori. Taxien flotak nabarmen egin du gora, eta horrek eragin zuzena du zerbitzuaren kalitatean, eta udaren ondoren ere jarraituko du”, nabarmendu du elkarteak.
Zehazki, Donostiako taxiek ez ezik, Pasaiako, Errenteriako, Oiartzungo, Lezoko, Astigarragako, Hernaniko, Lasarte-Oriako, Urnietako, Andoaingo eta Usurbilgo taxiek ere zerbitzua eskaini dezakete hirian udan.