Ategorrietako sarraskia oroituko du mugimendu sozialistak, beste urte batez

Donostiako Kontseilu Sozialistek aurten ere ekitaldia antolatuko dute Ategorrietako sarraskia gogoratzeko. Urteurren egunerako ekitaldi politiko bat antolatu dute Trintxerpen, Oroimena borroka eraiki lelopean. Trintxerpeko plazan jarri dute hitzordua hilaren 25ean, 12:30ean.
“Lan eta bizi baldintza duinen alde borroka egin zutenen memoria bizirik mantendu eta sozialismoaren aldeko antolakuntza aldarrikatu nahi dugu, sozialismoa baita justizia historikoa egiteko berme bakarra”, adierazi dute.
Aurreko hiru urteetan ere egin dituzte sarraski horri loturiko ekitaldiak Kontseilu Sozialistek. Duela bi urte, gainera, liburuxka bat argitaratu zuten, 1931ko gertakariak jasotzen dituena.
Sarraskirik handiena
Pasaiako arrantzaleek haien lan eta bizi baldintzak hobetzeko jo zuten grebara 1931ko maiatzean, eta Trintxerpetik Donostiara martxa bat egiten ari zirela, Ategorrietako erloju inguruan, tiroz egin zuen haien kontra Guardia Zibilak. Zazpi grebalari erail zituzten poliziek, eta beste 33 zauritu.
IRUTXULOKO HITZA-k gaia sakonki landu zuen 90. urteurrenean. Hemen erreportajea osorik.