Bi gizon atxilotu dituzte, adin txikiko emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta
Sexu erasoa Uliako aparkaleku batean gertatu da, astelehenetik astearterako gauean. Beste bi gizon ikertzen ari dira.

Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu asteartean, astelehenetik astearterako gauean adin txikiko emakume baten aurkako sexu erasoa egitea leporatuta; beste bi gizon ere ikertzen ari dira, sexu erasoarekin lotura dutelakoan. Uliako aparkaleku batean gertatu da sexu erasoa, eta adingabea Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapekoa da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak “erabat” gaitzetsi du erasoa eta “biktimarekiko eta haren inguruarekiko erabateko babesa eta elkartasuna” adierazi du. Era berean, eskatu du “Ertzaintzak bere lana zorroztasunez eta erantzukizunez egin ahal izatea”. “Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik jarri du salaketa, eta beharrezko jarduketa neurri guztiak hartu ditu, adingabearen babesa, zaintza eta jarraipen osoa bermatzeko, hori baita erakunde publikoaren lehentasuna”, gehitu du.
Bestalde, emakumea adingabea denez, gogorarazi dute ezin dutela “kasuari buruzko informazio gehigarririk eman”, eta zuhurtziarekin, erantzukizunarekin eta errespetuarekin aritzeko deia egin du.