Elkarrekin Donostiak salatu du Herrerako tren geltokiko igogailuak «hilabeteak» daramatzala funtzionatu gabe

Herrerako Renferen tren geltokiko igogailuak “bost hilabetetik gora” daramatza funtzionatu gabe, Herripe auzo elkarteak berriki salatu duenez, kalean jarritako pankarten eta sare sozialetako argitalpenen bidez. Horrela, gaia Espazio Publikoaren, Obren eta Hiri Zerbitzuen Udal Batzordera eraman du Elkarrekin Donostia udal taldeko Arantza Gonzalez zinegotziak: “Surrealista da orain jakitea Adifen eta udalaren arteko hitzarmenik ez egoteak igogailua martxan egotea eragozten duela, nahiz eta hilabeteak daramatzan instalatuta”.
Atzo norbaitek esan zuen. "Herrera? Eso esta totalmente en las afueras.." pic.twitter.com/htlhkI7450
— Herripe Auzo Elkarte (@herripe) May 3, 2025
Ezker Anitzako zinegotziak udal gobernuari eskatu dio “behingoz sinatu dezala” Adifekin duen hitzarmena, “Herrera auzoko geralekuko igogailua funtzionatzen has dadin”. Izan ere, gogoratu duenez, igogailua funtzionamendu gabe edukitzeak bereziki mugikortasun arazoak dituzten herritarrei eragozpen handiak sortzen dizkio, eskailerak baitira alternatiba bakarra.
“Udal gobernua desenkusatu da Adifen ahanztura izan dela lanak egiterako orduan, baina igogailua martxan jartzeko hitzarmen bat sinatu beharra dirudienez udal gobernuari ere ahaztu egin zaio proiektuaren jarraipena egiteko orduan”, gaineratu du Gonzalezek.