Igara errekaren ubidearen ingurumena leheneratuko dute
Lanek 130.680 euroko aurrekontua dute eta zortzi astez luzatzea aurreikusi dute.

Tokiko Gobernu Batzarrak Igara errekaren ubidearen ingurumena lehengoratzeko proiektua onartu du, Gipuzkoako Unibertsitatearen Campusaren hegoaldean. Lanek 130.680 euroko aurrekontua dute eta zortzi astez luzatzea aurreikusi dute. Hori finantzatzeko, Next Generation funtsen diru laguntza eskatu du udalak.
Udalaren Tokiko Ekintza Planak ildo estrategiko gisa du “biodibertsitatea eta zerbitzuak babestea, kontserbatzea eta partekatzea”, eta bertan jasotzen du, besteak beste, udalerriko erreken egoera eta konektibitatea hobetzea eta hezegune berriak sortuz biodibertsitatea sustatzea.
Horrela, proiektu honen bidez, Osasun eta Ingurumen Zerbitzuak honako hauek bilatzen ditu: Batetik, Ibaetako haltzaditik kanporatzea espezie aloktonoak, haltzadi kantauriarreko espezien zerrendan sartzen ez direnak eta oihanpea leheneratzea. Bestetik, aparkalekutik hezegunera heltzen diren uren kalitatea hobetu nahi dute, iragazketa sistema baten bidez. Iragazketa naturan oinarritutako soluzioak erabiliz eraikiko da, eta fitoarazte- edo iragazte-sistema berde batera konektatuko da. Bi esku hartze horien bidez, ibai ekosistema leheneratu nahi da, espezie egokien kopurua handituz, galtzeko arriskuan dauden espezieen habitata handituz eta haltzadi kantauriarra babestuz.