Osasun publikoaren aldeko elkarretaratzea egingo dute ostegunean Groseko anbulatorio aurrean
Tolosaldean ospitale publikorik ez dagoen bitartean, diru publikoa ekimen pribatuetara bideratzea salatuko dute.

Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) egitasmoak bat egin du Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak ostegunerako deitutako elkarretaratzearekin. Groseko osasun etxearen eta GOeren lanen aurrean egingo dute, 19:00etan, Diru publikoa erakunde pribatuentzat eta Tolosaldea ospitale publikorik gabe: elkarrekin balantza irauli! lelopean. Ekintza horren bidez salatuko dute diru publikoa Basque Culinary Center bezalako ekimen pribatuei ematen zaien bitartean, 65.000 biztanle dituen Tolosaldean ospitale publiko baten alde 14 urte borrokan daramatzatela eta eskaera horren aurrean erakundeek entzungor segitzen dutela.
“Gros auzoko Basque Culinary Center zentro berria pribatua da, diru publikoarekin lagundua, eta 24 milioi euro kostatu zaigu. Erabilera sozialerako aurreikusita zegoen lursail hau esku pribatuetara pasa da 4 urtetan erabaki politikoengatik, nahiz eta Groseko eta Uliako auzotarrak horren aurka irmo agertu. Tolosaldean 14 urte daramatzate borrokan eskualdeko ospitale publiko baten alde. Eskualde hori da Eusko Jaurlaritzak ospitale-ekipamendurik eraiki eta martxan jarri ez duen EAEko eskualde bakarra. Horrek esan nahi du Tolosaldearekin zor historiko handia dagoela, ospitale hori ez izateak urtero gainerako eskualdeek baino 12 milioi euro gutxiago jasotzea esan nahi baitu, guztira 236 milioi gutxiago”, azaldu dute deitzaileek