Posible al da geure arteko arazoak Poliziarik gabe kudeatzea? Baietz diote Egian

“Segurtasuna” hitza nekatu arte ibili da azken hilabeteotan Donostian auzorik auzo. Hedabide batzuek sustatuta, interes alderdikoi batzuen gozamenerako, kutsu arrazista izan duen eztabaida izan da hirian. Eta, bazirudien, oso salbuespeneko egoera bat ari zela bizitzen Donostia. Kasik inoiz gertatu gabekoa. Guztiontzako Egiak antolatutako jardunaldietan argi ikusi da ezetz: kapitalaren beharraren arabera daudela antolatuta etorkinen fluxuak, eta estatuen politikaren barruan dagoela pertsona migratzaileak lan mundutik kanporatzea, kaleetan jazartze eta herrialdetik kanporatzea. Eta berdina ari dela gertatzen Bilbon, Gasteizen, Oviedon, Irunen eta Manresan.
Mundubat GKEaren Egiako lokala jendez lepo izan zen ostiralean —aulki gehiagoren bila joan behar izan zuten— Edu Romero, Fatima Fernandez eta Alaine Aranburu entzuteko. Oviedotik etorri zen Romero ekintzaile eta idazlea, migrazio politiken inguruan hitzaldia egitera. Gaiaren inguruan liburu mordoxka kaleratu ditu Romerok, eta Guztiontzako Egiak eskatuta, hirian ematen diren dinamikei begirada osoago bat eskaintzeaz arduratu zen.
Azaldu zuenez, denok pentsatzen dugu oso “singularra” dela geure auzoetan gertatzen dena, baina urteak dira arazo berberak ari direla gertatzen Europako hiri gehienetan, “modu oso berdintsuan”. Kapitalismoaren lan indar beharrei lotuta daude migrazio politikak, Romeroren ustez, eta, zentzu horretan, pertsona migratzaileen atxiloketak, internamenduak eta kanporatzeak, “trilogia makabro” baten parte dira. Helburua ez da migratzaile irregularrak kanporatzea, helburua da “migratzaile guztiek kanporatuak izateko beldurra” izatea. Honela, “lan indar merke, prekario eta beldurtua” lortzea da estatuen kontrol politiken egiteko nagusia.
Izan ere, krisi demografiko baten erdian ari da jazotzen aurrekaririk gabeko krisi kapitalista berri hau: lan indar migrantea beharrezkoa da, baina hazkundearen promesa ez da horren agerikoa. Horregatik, migrazio politikak gero eta biolentoagoak direla uste du Romerok. Eta auziak gero eta garrantzia handiagoa hartuko duela datozen urteetan.
Donostian azken urteotan izandako borroken arteko uztarketen genealogia bat egin zuen Fatima Fernandez ekintzaile antirrazistak, kale egoeran dauden migratzaileekin egindako aliantzei balioa emanez. Donostian dagoen arrazakeria egoera zehazki islamofobiarekin lotu zuen. Fernandezen ustez, borroka antirrazista ezin da oinarrizko beharrak asetzera mugatu, egitura arrazista ulertu beharra dagoela azaldu zuen, eta hortik abiatuta eraiki segurtasun komunitarioa.
Alaine Aranburuk, berriz, Irungo mugari lotutako bizipenak ekarri zituen mahaira. “Geure begien aurrean” gertatzen den arren, “ikusezina” den errealitate bat da mugan bizi dutena. Egunero dozenaka lagunek pasatzen dute muga, edo saiatzen dira behintzat. Lortzen ez dutenak Irunen geratzen dira, eta haien oinarrizko beharrak asetzeko erakundeek ez dute inolako neurririk hartzen, Aranbururen ustez. Poliziaren jazarpena da dagoen politika nagusia: gero eta Polizia gehiago ari dira jartzen Irunen, eta, horietako askok Harrera Sareko kideak zelatatzeaz arduratzen direla azaldu zuen Aranburuk.
Segurtasun komunitarioa
Larunbatean, Manresako A l’Aguait prozesuko Nora Miralles ikerlari eta ekintzailea aritu zen bideo bidez. Pobreziari lotutako delinkuentzia txikiaren igoerarekin arrazakeriaren bandera astintzearekin batera, “izu soziala” handitu zen Manresan duela urte batzuk. Manresaren eta Egiaren arteko egoerak alderatuta, Mirallesek dio arazo askok ez dutela zerikusirik delinkuentziarekin: kale egoeran dauden pertsonen arteko gatazkak dira, buru osasun arazoak, droga kontsumoak, mesfidantzak…
PAH eta bestelako herri egituretan antolatuta zeuden eragile eta norbanakoen artean “segurtasunaren” inguruan hausnartzen hasi ziren, eta auzotarrei polizialak ez ziren irtenbideak eskaintzen: “Jendea ez da inozoa. Badaki Poliziak ez duela konponduko kalean dagoen jendearen egoera. Bestelako alternatiba batzuk eskaini behar dituzu”. Zentzu horretan, hainbat interbentzio eta bitartekaritza egiten hasi ziren, problematikoak ziren egoeren aurrean.
“Gutako asko ez ginen gai ikusten segurtasunaz hitz egiteko, segurtasuna Poliziarekin lotzen delako bakarrik. Kendu egin digute komunitateko arazoak geure artean konpontzeko gaitasuna”, azaldu zuen. Beraz, hainbat tresna garatu dituzte Manresan, bizilagunen artean eman daitezkeen bizikidetza arazoak ikuspegi eraldatzaile batetik landu ahal izateko. Tresna horiek jaso zituzten Guztiontzako Egiako kideek, eta auzoan lantzeko konpromisoa adierazi zuten.
Gasteizko eredua
Gasteiz Anitza kolektibo sortu berriko bi kidek hartu zuten hitza ondoren. Alde Zaharrean eta Judimendin egindako bi interbentzio izan azaldu zituzten, bertaratutakoen galdera mordoaren artean. “Guk ez dugu erreminta magikorik, egindako lana baizik”, azaldu zuten. Eta, auzo bakoitzean aldatu zen arren, oso baliagarriak izan ziren aipatutakoak.
Kale egoeran dauden gazte migratzaileek okupatutako lonja edo lokaletan egindako lanketa azaldu zuten. Gazteek okupatu ostean, bizilagunen artean izua eta mesfidantza zabaldu zen. Batzuetan lapurreta txikiak, besteetan zaratak, eta besteetan euren arteko liskarrak zirela eta, giroa “gaiztotzen” hasi zen auzokideen artean. Honela, Gasteiz Anitzako kideek, gazte hauek ezagutzeko urratsa eman zuten, euren beharrak gainontzeko bizilagunei azaltzeko, zeuden gatazkak ahalik eta modurik baketsuenean gainditzeko. Egoera ez zen erraza, askotan, biolentzia erabili nahi baitzuten gazteen kontra: “Makilekin botako ditugu”. Gogora ekarri zutenez, Trintxerpen antzeko egoera izan zen duela hilabete batzuk.
“Batzuetan funtzionatu digu, besteetan ez”, onartu zuten. Egin beharreko lehenengo urratsa azpimarratu zuten: “Bizilagunen eta ez-bizilagunen arteko desberdintasuna apurtu beharra dago. Denok gara bizilagunak, eta denon artean konpondu behar dugu”.
Hortik aurrera, eztabaida eta ekarpenak ugariak izan ziren. Bai Egiarekin zerikusia zuten gatazken inguruan, bai eta bestelako auzoekin zerikusia zutenekin. Txagok, KASek eta Harrera Sareak hartu zuten parte, besteak beste, Polizia indarkeriarik gabeko elkarlaguntza sareak nola sortu hausnartzeko. Bereziki nabarmendu zuten Donostiako Udaltzaingoaren paper biolentoa, kale egoeran dauden migratzaileak erreprimitzerako orduan.
Eztabaidek ez dute mundu aldatzen, baina ezin da aldatu ganoraz pentsatu gabe. Guztiontzako Egiak hausnarketa garrantzitsuak ekarri zituen auzora. Batez ere, badirudielako alternatibarik ez dagoela, miseria eta Poliziaren indarkeria ez bada. Batzuentzat berandu xamar datozen gogoetak izan daitezkeen arren, oraindik gauza asko aldatu ditzaketen ideiak daude: “Zertarako jarriko digute komisaria berri bat auzoan, ditugun arazo guztiekin?”. Errezeta magikorik ez da proposatu, baina bai ideia indartsu bat: “Sinetsarazi digute guk ezin ditugula kudeatu bizilagunen arteko arazoak, baina egin dezakegu. Elkar ezagutuz eta antolatuz”.