Udaleko Musika eta Dantza Eskolak Europako Ritmiks jaialdian hartuko du parte

Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Ritmiks Europako Musikari Gazteen Jaialdiaren 15. edizioan parte hartuko du. Topaketa kultural hori Kataluniako hainbat herritan egingo da maiatzaren 29tik ekainaren 1era, eta kontinente osoko milaka musikari eta dantzari gazte bilduko ditu.
Ritmiks 2025 Europa mailako musika eta kultura trukerako plataforma garrantzitsu gisa finkatu da, Musika eta Dantza Eskolak nabarmendu duenez. Aurtengo edizioan, 4.000 musikari eta dantzari gazte bilduko ditu jaialdiak, Europako hemezortzi herrialdetako 125 musika eskola baino gehiagotatik etorritako 200 musika nahiz dantza talde eta orkestretako kide direnak. Hiru egunetan, publikoak 300 kontzertu izango ditu guztira, Kataluniako 40 herritan banatutako 50 eszenatokitan baino gehiagotan.
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Ritmiks 2025 jaialdian parte hartzea ikastetxeak bere hezkuntza filosofiarekin duen “konpromisoaren adibide nabarmena” dela nabarmendu dute: “Egungo matrikulazio kanpaina gidatzen duen Eskolatik plazara lelopean, Eskolak aktiboki sustatzen du ikaskuntza artistikoak ikasgelak gaindi ditzan. Kontua ez da soilik ezagutza teknikoak eskuratzea, baizik eta artea bizitzea, herritarrekin partekatzea eta txoko bakoitzean entzunaraztea”.
Ritmiks 2025 jaialdian parte hartzeak aukera ematen die Eskolako gazteei arte hezkuntza globalagoaren dimentsioa esperimentatzeko eta beste nazionalitate batzuetako ikasleekin esperientziak partekatzeko. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskola ordezkatuz, Triki Taldea, Euskal Dantza Taldea, Dantza Klasikoa Taldea eta Banda Gaztea Kataluniara joango dira.
Ritmiks 2025 Musika Eskolen Europar Batasunaren (EMU), Kataluniako Musika Eskolen Elkartearen (ACEM) eta Musika eta Dantza Eskolen Batasunaren (UEMyD) ekimena da.
Eskolaren emanaldiak jaialdiaren egitarauaren barruan:
Maiatzak 30, ostirala:
• 17:00: Dantza Klasikoa eta Banda Gaztea Auditori Els Costalsen, Castellbisbalen.
• 18:00: Triki Taldea eta Euskal Dantza Taldea Plaça de l ‘Ajuntamenten, Sant Boi del Llobregaten.
Larunbata, maiatzak 31:
• 11:00: Dantza Klasikoa eta Banda Gaztea La Fabrica Vellan, Sallenten.
• 12:00: Triki Taldea eta Euskal Dantza Taldea Plaça Europan, Manresan.
• 17:30: Triki eta Euskal Dantza Taldea Plaça Gisperten, Manresan.