«Donostia berraurkitzeko» erakusketa ikusgai Loiolan, Iker Garciaren eskutik

Iker Garcia Barrenetxea donostiarrak (1979) Donostia, itsaso-usaina duen argia erakusketa jarri du ikusgai Loiola Kultur Etxean, ekainaren 20ra arte. Margolariak hainbat erakusketa eta proiektutan parte hartu du aurretik, eta Loiolako La Drogueria gunean ari da bere proiektu artistikoa garatzen, 2023tik.
Garciak berak azaldu duenez, “Donostia berraurkitzera” gonbidatzen du ikuslea bere erakusketarekin, “hiriko argia, kolorea eta giroa jasotzen dituen koadro batzuen bitartez”: “Lan bakoitza bizitako paisaiari begirako leiho emozional bat da, egunerokoaren interpretazio intimo eta argitsua”.
Itsasoa beti dago presente erakusketako lanetan: horizonte gisa, isla gisa edo argian esekitako brisa gisa. “Kantauri itsasoa ez da agertoki soila, mihise bakoitza etengabe aldatzen den giroarekin inspiratzen, lotzen eta inguratzen duen etengabeko presentzia baizik, hirian barneratzen den giro gazia gogora ekarriz”, gaineratu du artistak. Londresen 17 urtez bizi izan zen donostiarra, eta hiri ingelesarekin harremana ere badute lanek, baita beste artista batzuekin ere.