'Donostia Tropikala' festa antolatu dute, «aldaketa klimatikoa eta turistifikazioa elkar elikatzen ari direla salatzeko»

Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataforma donostiarrak Donostia Tropikala festa ironiko eta aldarrikatzailea antolatu du hilaren 30erako, Amara Berriko Ilunki kultur elkartean. 18:00etan hasiko da festa, eta giro tropikala sortuko dute, mojitoekin, janariarekin eta Miau DJ donostiarraren musikarekin.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “ekimen honek tonu alai eta ironikoan salatu nahi du aldaketa klimatikoa eta turistifikazioa elkar elikatzen ari direla, eta horrek gure hiria eta lurraldea merkatuaren logikaren esku uzten dituela”.
Gaineratu dutenez, “ospakizun hau protesta eta aldarrikapenerako modu bat da: aldaketa klimatikoa aukera komertzial gisa aurkezten duten diskurtsoei aurre egitea, eta turismoaren hazkunde mugagabea normalizatzea arriskutsua dela ohartaraztea. Bizi baldintza duinak defendatu eta arduragabekeria instituzionala salatzea da helburua, umore eta festa bidez”. Ildo horretatik, gogorarazi dute “turismo jarduerak mundu mailako CO2 emisioen %8” eragiten duela.