'Guau!' kanpaina abiatu du udalak, txakurrak modu arduratsuan zaintzeaz kontzientziatzeko

Donostiako Udalak Guau! Zure lagunik onenarekin hiriaz gozatu kanpaina abian jarri du, herritarren elkarbizitza hobetzeko eta konpainiako animaliak modu arduratsuan zaintzeaz kontzientziatzeko. Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzigoak bultzatutako ekimenaren helburua maskoten jabeen artean ohitura zibikoak sustatzea da, “hiria garbi mantentzeko eta herritar guztien ongizatea bermatzeko”.
Donostian 17.800 txakur baino gehiago daude erroldatuta, eta horietatik 500 baino gehiago “potentzialki arriskutsu” gisa katalogatuta daude. Hamar biztanle bakoitzeko txakur bat dago Donostian. “Errealitate horrek herritarren kontzientziazioa indartzea eta maskotekin bizitzeko oinarrizko arauak betetzen jarraitzera behartzen gaitu. Gure egunerokoan gertatzen diren egoerak saihesteko, adibidez baimendu gabeko espazioetan txakur solteak egotea, tratu txarrak edo abandonuak gertatzea, eragozpenak eragiten dituzten zaunkak saihestea edo animaliak mikrotxiparen bidez identifikatu gabe egotea”, azaldu du Iñigo Garcia Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotziak.
“Hiriko bizikidetza guztion ardura da. Donostia garbiagoa eta atseginagoa lortzeko, maskoten jabe bakoitzaren konpromisoa behar dugu. Kontua ez da zigorrak saihestea bakarrik, baizik eta ulertzea eguneroko keinu txikiekin, hala nola gure txakurren gorotzak jasotzearekin, guztion ingurunea zaintzen ari garela”, adierazi du Garciak. Zentzu horretan, uerantzudalak herritarren laguntza eskatu du, “Donostia gizalegearen eta animaliekiko bizikidetzaren erantzukidetasunaren eredu izan dadin”, gaineratu du zinegotziak.
Kanpainaren barruan, hainbat informazio jarduera egingo dira, maiatzaren 24ean eta 25ean, Kontxako, Ondarretako eta Zurriolako hondartzetan, baita horien inguruetan ere. Jardunaldi horietan, kanpainaren logotipoa duten txano eta orgatxoekin identifikatutako sei pertsonako talde batek txakur gorotzak biltzeko poltsak banatuko ditu doan, 09:00etatik 13:00etara.
Gainera, hiriko hainbat puntutan kartelak eta material hezitzailea jarriko dituzte. Udalak informazio dosierrak banatuko ditu kulturetxeetan, liburutegietan, kiroldegietan, gimnasioetan, albaitaritza kliniketan eta maskota dendetan maskotak arduraz edukitzeari buruzkoak.
Hona hemen kanpainak gogorarazten dituen oinarrizko arauak:
• Maskoten gorotzak beti bide publikoan biltzea eta zakarrontzietan edo prestatutako edukiontzietan uztea.
• Txakurra kontrolatuta eta uhalarekin lotuta edukitzea (gehienez bi metro hiriguneetan), eragozpenak edo istripuak saihesteko.
• Animaliak espazio publikoetan garraiatzeari buruzko araudia errespetatzea.
• Animalia mikrotxiparekin identifikatzea eta, arriskutsuak izan daitezkeen txakurren kasuan, udal lizentzia izatea eta leku publikoetan muturrekoa eta uhala erabiltzea beti.
• Maskotaren ongizatea bermatzea, elikadura, albaitari arreta egokia eta, batez ere, tratu txarrik edo abandonurik ez gertatzea (legeak zigortzen dituen jokabide larriak).