Manchester Unitedeko eta Tottenhameko zaleen arteko istiluak izan dira Parte Zaharrean

Gaur (hilak 21) Bilboko San Mames estadioan Manchester United eta Tottehman futbol talde ingelesen artean jokatuko den Europa Ligako finala dela eta, talde horietako zale ugari Donostiatik dabiltza azken orduotan, eta, hain zuzen ere, horietako hainbaten arteko istiluak izan ziren astearte iluntzean Parte Zaharrean.
Sare sozialetatik zabaldu diren hainbat bideotan ikus daitekeenez, aurrez aurre topatu ziren bi talde horietako zale ugari Fermin Kalbeton kalean, eta ukabilkadaka, bultzaka eta tabernetako mahaiak, zabor edukiontziak eta bestelako objektuak jaurtiz borrokatu ziren. Istiluen ondorioz, Ertzaintzak hainbat patruila mobilizatu zituen, baita zenbait zale identifikatu ere. Donostian ez ezik, Bilbon eta Santanderren ere iskanbila sortu dute hainbat zale ingelesek.