Santi Cocaren auziko azken epaia berretsi dute

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Gipuzkoako Auzitegiak Santi Coca hiltzeagatik akusatutako gizonari ezarritako hiru urte eta erdiko espetxe zigorra, Fiskaltzaren eta Donostiako Udalaren helegitea alde batera utziz.
Gipuzkoako Auzitegiko herri epaimahai batek zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delitu batengatik jo zuen erruduntzat gizona baina Fiskaltzak, bere errekurtsoan “inkongruentzia” argudiatu zuen epaiaren arrazoibideetan eta epaian bertan, Fiskaltzaren ustez, ez delako “arrazoizkoa akusatuaren jokabidea zuhurtziagabea eta ez doluzkoa zela pentsatzea”.
Auzitegia Nagusiak, aldiz, gogoratu du herri epaimahaiak “argi” errefusatu zuela akusatuak presente zuenik bere ekintzekin adingabearen bizitzarako arrisku handia sor zezakeela, eta, horregatik, gertatutakoa ezin dela “doluzko giza hilketa gisa aitortu”.
Sei auzipetu
Sei gizon auzipetu zituzten Cocaren heriotzarengatik, baina hiru urte eta erdiko espetxe zigorra jaso duenak ihes egin zuen. Hori dela eta, beste bostak epaitu zituzten; lau errugabetu egin zituzten, eta bosgarrenari hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten. Zigorra berretsi diotena, aldiz, iazko otsailean atxilotu zuten, Frantziako Estatuan.
Espetxe zigorraz gain, Cocaren gurasoenganako urruntze agindua ezarri diote: ezingo da haiekin harremanetan jarri, ezta haiengandik 300 metro baino gutxiagora egon bost urtean. Bi zigortuen artean, era berean, 165.573 euro ordaindu beharko dizkiete Cocaren senideei.
Fiskaltzak eta Donostiako Udalak, herri akusazio gisa, auzipetuari lau urteko espetxe zigorra ezartzeko eskatu zuten, eta defentsak, berriz, urte batekoa. Hasiera batean, Ministerio Publikoak hamabost urteko espetxe zigorra eskatzen zuen giza hilketa delitu batengatik, Donostiako Udalak hogei urtekoa hilketa delitu batengatik, eta defentsak absoluzio askea.
Gertakaria, 2019an
Epaimahaiaren epaiak frogatutzat eman zuenez, gertakariak 2019ko apirilaren 26ko 05:00ak aldera izan ziren, Gu diskotekako larrialdi irteeraren parean. Bertan, “eztabaida bat izan zen pertsona talde baten eta Santi Cocaren artean”.
Testuinguru horretan, Cocak kolpe bat eman zion inputatuari, eta inputatua, aldi berean, adingabea “bortizki jotzen hasi zen” eta “dantzalekuko hormaraino eraman zuen kolpeka”, eta han “lurrera erori zen”, “hainbat inplikaturen” kolpeen ondorioz.
Testuinguru horretan, “Santi Coca lurrean zegoela, auzipetuak kolpe bortitzak eman zizkion gorputzeko hainbat ataletan ostikoz”, besteak beste, buruan.
Hala eta guztiz ere, epaimahaiak aho batez frogatutzat eman du auzipetuak ez zuela hildakoaren “bizitzarako arrisku garrantzitsurik” sortzeko asmorik; izan ere, gertaera “beste borroka baten modukoa” izan zen berarentzat, eta ez zuen “probokazio bati erantzutea beste asmorik, zorigaiztoko amaiera baten aukera kontuan hartu gabe”.
Horregatik guztiagatik, epaimahaiak uste du auzipetuak “ez zuela irudikatu Coca hil zitekeenik”, baina “erraza zen bere ekintzarekin sortu zuen arriskuaz ohartzea, eta beste edozein pertsona konturatuko zen horretaz”.