Sei greba egun antolatu ditu ELA sindikatuak Gipuzkoako erresidentzietan eta eguneko egoitzetan

ELA sindikatuak sei greba egun antolatu ditu ekainean eta uztailean Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetan. Izan ere, salatu dutenez, Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroetako hitzarmen sektorialaren negoziazioa pasa den urtarrilean abiatu zen, eta lau bileraren ondoren, “patronalek ez diete sindikatuak egindako aldarrikapenei ia erantzun ere egin”.
Sektorean 5.000 bat langilek lan egiten dute lurraldean, ia denak emakumeak. %90ak Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzen dute, baina lan baldintza prekarioak dituzte. Langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. “Hau enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabekoak deklaratzen diren gehienek mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko bakarrik esplikatzen da”, adierazi du sindikatuak. Azken urteetan egoitzetan ematen den arreta zuzeneko orduak jaitsi egin direla salatu dute, eta horrek izugarri igo dituela lan kargak eta langileen eta zerbitzuaren osasunaren okertzea.
Zaintza sistema erdigunean jarri eta zaintzaileen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena eskatzen du ELAk, besteak beste honako edukiekin:
-%100eko jardunaldiko kontratuak langile guztientzat.
-Soldata arrakalarekin amaitzea.
-Lan orduak 32 ordura jaistea eta adinean gora doazen langileek erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea.
-Arrisku psikosozialen plan adostuak.
-Zerbitzua euskalduntzeko baliabideak.
-Trantsizio ekosozialean aurrerapausoak, bertako produktuak txertatuz jatorduetan.
Neurri horiek arretarako lan orduak igo eta langileen lan osasuna hobetzeaz gain, egoiliarrei ematen zaien zerbitzua nabarmen hobetzea ekarriko lukeela uste du ELAk.
Sei greba egun
Sindikatuak patronalei eskatutako edukiak mahai gainean jar ditzatela eskatzeko, honako greba egunak antolatu ditu: ekainaren 11an, 12an eta 13an eta uztailaren 9an, 10ean eta 11an.
Era berean, aldundiari sektoreak bizi duen egoeraren jabe egin eta baliabideak jarri ditzala eskatu diote; “aukera paregabea da sektore honetako genero arrakalarekin amaitu eta zaintza lanak erdigunean jartzea bermatuko duen bestelako eredu bat ezartzeko”, adierazi dute.