200 turismo gidari eta enpresa erregistratu dira Donostian, iaz araudia aplikatu zenetik

2024ko maiatzaren 21ean aplikatu zenetik, turismo gidarien eta enpresen urteko 200 erregistro baino gehiago izapidetu dira Erantzukizunpeko Adierazpenaren bidez, hau da, Donostian taldeei laguntzeko urteko nahitaezko prozeduraren bidez. Sistema horri esker, lehen aldiz, bisita gidatuen datu fidagarriak eta eguneratuak izan ditu udalak, gaur prentsaurreko batean azaldu dutenez.
“Araudi hau helburu argi batekin sortu da: jarduera turistikoa hiriko egunerokotasunarekin orekan bizi dela bermatzea. Kalitatezko turismoa Donostiako herritarren ongizatea zaintzen badu bakarrik da posible”, adierazi du Jon Insausti Kultura, Turismo eta Euskara zinegotziak.
Funtsezko hiru betekizun
Erregulazioak hau ezartzen du:
• Gehienez 25 pertsona talde bakoitzeko (gida kontuan hartu gabe).
• Soinu anplifikazioko sistemak debekatzea.
• Bisiten ordutegia 08:00etatik 23:00etara mugatzea.
Jarduerak irauten duen bitartean, izapidearen egiaztagiria eramatea ere eskatzen da. Puntu horietako edozein ez betetzeak 750 eta 1.500 euro arteko zigorrak ekar ditzake. Indarrean sartu zenetik, Udaltzaingoak esku hartzeko hamar txosten egin ditu (lau 2024an eta sei 2025ean), bai herritarren salaketengatik, bai arau hausteak zuzenean detektatzeagatik.
“Udal telefonoaren bidez abisuak jasotzen ditugunean edo gure patruilekin irregulartasunak detektatzen ditugunean jarduten du Udaltzaingoak. Prebentziotik jarduten dugu”, azaldu du Iñaki Saenz Mendizabalek, Udaltzaingoaren Udal Ordenantzak Betetzeko Unitateko (UCOM) ordezkariak.
Informazio eta kontrol ekintzak
Urtean zehar informazio eta kontrol ekintzak egin dira, batez ere autobus geltokian, hori baita taldeak iristeko ohiko gunea. Turismo talde gehien biltzen diren aldiak urria eta maiatza izaten dira, eta Donostia Turismoak informazio kanpainak egin ditu aldi horietan.
“Turismoa kudeatzeko erakundea garen aldetik, gure zeregina izan da erregulazio horren buru izatea, udaleko sail batzuen eta sektore pribatuaren arteko lankidetzatik abiatuta. Elkarrekin lan eginez, hiri osoari mesede egiten dioten adostasunak lor daitezke”, adierazi du Isabel Agirrezabalak, Donostia Turismoko zuzendariak.
Parte hartze altua eta nazioarteko proiekzioa
2024an, 259 gida eta agentzia erregistratu ziren, batez ere Espainiakoak, baina baita Alemania, Frantzia, Estatu Batuak, Japonia eta Italiakoak ere. “2025eko lehen lau hilabeteetan dagoeneko 201 eskaera erregistratu dira, eta horrek neurriaren onarpen maila handia berresten du”, nabarmendu dute.
Jakinarazi dutenez, araudia erreferentziazko kasu gisa aurkeztu da European Alliance on Urban Balanced Tourism foro europarrean.