21 ikuskizun programatu ditu udan Donostia Kulturak

Donostia Kulturak aurtengo udako arte eszenikoetako ordainpeko programazioa aurkeztu du. Guztira, 21 ikuskizun izango dira uztailetik irailera hiriko antzoki eta kultur etxeetan: lau kontzertu, hamasei antzezlan eta dantza emanaldi bat izango dira. Bestalde, udazken eta neguan izango diren hiru kontzerturen berri eman dute.
Kontzertuei dagokienez, uztailaren 15ean, Euskal Herriko Gazteko Orkestra ariko da Viktoria Eugenia antzokian. Hurrengo egunean, Marcus King Band taldeak bisitatuko du antzoki bera eta irailaren 13an eta 14an, Los Gavilanesen kontzertua izango da Viktoria Eugenian. Azkenik, irailaren 26an, Hayden Pegigo izango da Imanol Larzabalen.
Horrez gain, udazkenean eta neguan, honako kontzertuak izango direla aurreratu dute: The Declines (urriak 2), Destroyer (azaroak 20) eta Paco Ibañez (2026ko otsailak 7). Kontzertu horiek ere Viktoria Eugenia antzokian izango dira.
Euskarazko lau antzezlan ikusi ahal izango dira udan Donostian. Zuhaitz Gurrutxagaren Nortasun Agiria bakarrizketa uztailaren 2tik 6ra ikusi ahal izango da Antzoki Zaharrean. Uztailaren 8tik 13ra, Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlanaz gozatu ahalko da Antzoki Zaharrean, Aitziber Garmendia, Mireia Gabilondo eta Telmo Irureta aktoreen eskutik. Abuztuaren 11tik 17ra, Zuhaitz Gurrutxagaren eta Iker Galartzaren Almazenean izango da antzoki berean, eta azkenik, Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak Arizona eskainiko dute Antzoki Zaharrean, irailaren 8tik 14ra.
Dantza emanaldia uztailaren 31tik abuztuaren 3ra egongo da ikusgai Viktoria Eugenia antzokian. Malandain Ballet Biarritzek Urtaroak emanaldia eskainiko du. Château de Versailles Spectaclesen zuzendari Laurent Brunnerren eta biolinista eta Versaillesko Errege Operako musika zuzendari nagusi Stefan Plewniaken ideia batean oinarritua, ballet honek Antonio Vivaldiren Lau urtaroak famatuak eta haren herrikide eta garaikide Giovanni Antonio Guidoren Urteko lau sasoiak, ia ezagutzen ez direnak, elkartzen ditu.
Sarrerak
Sarrerak bihar (hilak 23) jarriko dituzte salgai, 11:30etik aurrera, Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean. Programazioa osorik dokumentu honetan ikus daiteke.