'Ahalaken' estreinatu dute, zortzi ataleko soinu-fikzioa

EITBren GUAU audio plataformak Ahalaken: Irulegiko egia jakiteko garaia da zortzi ataleko soinu-fikzioaren estreinaldia egin du. Xabi Payak eta Aitzol Barandiaranek sorturiko proiektu transmedia honek “euskararen jatorriaren sekretua” du abiapuntu, eta euskararen “misterio, aberastasun eta indar sinbolikoari” erreparatzen dio.
Azaldu dutenez, bereziki gazteei zuzendutako “fact-fiction ganberroa” da honakoa. Artemanek ekoiztu du, eta aktore lanetan izen garrantzitsuak aritu dira: Jone Laspiur donostiarra, Iker Huitzi, Itziar Atienza, Jon Olivares eta Aritz Mendiola, besteak beste. Joli Paskualenak sortutako soinu bandarekin borobildu da soinu-fikzioa.
“Proiektu honek ez du entretenimendua bakarrik helburu, baita euskararen inguruan gogoeta egitea eta hizkuntza bizipen emozional baten bidez transmititzea ere”, azaldu du ekoizpenaren aurkezpenean Maite Goñi EITBren Irrati eta Audio zuzendariak, kontsumo berrietara egokituta euskaraz egiten diren kalitatezko edukietan azpimarra jarrita.
EITBLaben bidez, adimen artifizialaz (AA) landutako edukia izango du Ahalaken-ek. Hala, euskara eta euskal kulturarentzat ikur izan zen Pello Zabala frantziskotarraren ahotsa klonatu da, fikzio honen pertsonaietako bat bilakatuz. Horrez gain, AA erabili da sare sozialetan zabalduko diren bideoak sortzeko, kapitulu bakoitzeko bat, audio serie baten paisaia bisuala sortuz.
Ahalaken-en podcasta emititzen den aldi berean, istorioak jarraipena izango du atal ezberdinetan agertzen diren museoetan, errealitatea eta fikzioa uztartuz. Izan ere, Jone pertsonaia nagusiak deskubrituko du Irulegin azaldutako eskua bezain ezkutatuta daudela gainontzeko puzzleko piezak Euskal Herriko museoetan barna; hots, eskua puzzlearen lehen pieza besterik ez da. Hain zuzen, euskal museoek esperientzia zabaldu eta QR bat jarriko dute bisitarien esku, harrapatuta utziko dituen fikzio honetaz gozatu ahal izateko.