Aldi baterako alokairu kontratuen "iruzurra" salatu du Stop Kaleratzeakek
Parte Zaharreko maizter batek 11 hilabeterako alokairu kontratua bost urterako legezko kontratu bihurtzea lortu du.

Stop Kaleratzeak deituta elkarretaratzea egin dute goizean Bulebarreko kiosko aurrean. Bertan, salatu dute ohiko etxebizitzen alokairurako aldi baterako kontratuak ugaritzen ari direla, hauek “ilegalak” badira ere. Plataformako kideekin batera, Elkarrekin Podemos, EH Bildu, Ezker Anitza, Larratxoko Caritas, Satorralaia eta Steilaseko ordezkariak bertaratu dira, baita eragindako bi lagun ere: Gina eta Pilar. Agerraldian izan ez den Fernandok moduan, aldi baterako alokairu kontratuak dituzte, eta horiek amaitzean egoera berari aurre egin beharko diote, nahiz eta bestelako uneetan egon.
Gina senarra, alaba, suhia eta ilobarekin bizi da Parte Zaharreko pisu batean. Elkarren jarraian sinatu dituen 11 hilabeteko bigarren kontratua urriaren 30ean amaitu zen. Errentatzaileak kaleratze demanda jarri zion eta Ginaren abokatuak alegazioak aurkeztu zituen, lege kanpokotzat jotzen zuelako egoera. Akordio judiziala lortu dute legez kanpoko aldi baterako kontratu hori bost urteko legezko kontratu bihurtzeko. Prentsaurrekoan egon ez den 73 urteko Fernandok 300 euro ordaintzen ditu Parte Zaharrean gela batengatik. Epaiketaren zain dago, baina abokatuak aurkeztutako alegazioekin Ginaren emaitza bera lortzea espero du. Pilar, berriz, Errenterian bizi da bere bi seme-alabekin eta 815 euro ordaintzen ditu. Maiatzaren 30an amaituko da bere sei hilabeteko alokairu kontratua. Errenteria tentsio handiko eremua denez urtarrilaren 31tik Etxebizitza Legea baliatu dute hiru urteko luzapen automatikoa eskatzeko. “Urtarrilaren 31tik aurrera amaitzen diren kontratu guztiek eska dezakete hiru urteko luzatzea. Hala egin dugu burofax bat bidaliz bere etxejabeari”, azaldu du plataformako kide Rosa Garciak.
“Aldi baterako kontratuek zehaztu egin behar dute zein den bere helburua: lan edo ikasketek behartutako lekualdaketa, etxean lan batzuk egiten ari zarelako… Ezin dira ohiko etxebizitzetarako erabili. Horiei Hiri Alokatze Legea dagokie. Horregatik dira lege iruzurra eta ilegalak”. Hiru kasu horietan, ohiko etxebizitza da, haietan erroldaturik daude, eta errenta ordaintzen jarraitzen dute.
Ginaren aurrekaria ikusita, gainerakoetan joera bera izango dela aurreikusten dute. Horregatik, agerraldia baliatu dute ohiko etxebizitzetan aldi baterako kontratuak sinatzera behartuta dauden maizterrei “iruzurrezko” kontratuak direla ohartarazi eta ezagutarazteko tresnak badituztela “Hiri Alokatze legeak eta Etxebizitza legeak arautzen ez dituzten kontratu mota horiek bost urterako kontratu, etxejabe txikia bada, edo zazpi urterako kontratu, etxejabe handia bada, bihurtzeko”.
Izan ere, salatu dutenez, aldi baterako alokairu kontratuak sustatzen ari dira higiezinen webguneetan eta etxejabe partikularrek ere bide hori jarraitzen dute legez kontrakoak diren ala ez jakin gabe. “Burlatzat” jo du Garciak, halako kontratuek aukera ematen baitiete, berria sinatzen duten bakoitzean alokairuaren prezioa igotzeko. Araututako alokairuek, aldiz, bost edo zazpi urtean prezio bera mantentzea bermatzen dute, KPIaren eguneraketa besterik ez igota.
Halaber, etxejabeei ohartarazi die epaitegietan galdu egingo dutela eta kostuak ordaindu beharko dituztela. Inbertsio funtsen eta etxejabe handien dinamika jarraitu beharrean, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programaren alde egitea proposatu die, “drama sozial” honekin amaitzeko.