Fortunako bi tiratzaile, eskrimako Espainiako txapeldun
June Ruiz hernaniarrak eta Markel Amat pasaitarrak kadete mailako sable txapelketa irabazi dute.
Fortuna Kirol Elkarteko tiratzaile June Ruiz Belategik eta Markel Amat Baztarrikak Espainiako kadete mailako sable txapelketa irabazi dute, emakumezko eta gizonezko kategorian, hurrenez hurren. Sorian jokatutako txapelketetan biak ziren faborito eta lehiaketa ezin hobea eginez garaipena lortu zuten, eraso bakarra galdu gabe.
Ruiz hernaniarrak Madrilgo Sala de Armas taldeko Ines Higera tiratzaileari irabazi zion finalean, 15-7ko emaitzarekin, Espainiako banakako txapeldun titulua eskuratuz. Amat pasaitarra, aldiz, Eskrima Nazioarteko Akademiako Jose Antonio de Andresi gailendu zitzaion, 15-8ko emaitzarekin, eta bera ere Espainiako banakako txapeldun izendatu zuten.
Taldeen lehiaketan, June Ruizek, Maialen Arinek, Illari Piquek eta Lorena Irisarrik osatzen zuten emakumezkoen taldeak zilarrezko domina eta Espainiako txapeldunorde titulua lortu zuten, Madrilgo Sala de Armas taldearen aurka finalean galdu ondoren.