Hiru gizon atxilotu dituzte Altzako banku lapurretaren harira, tartean bankuko langile bat eta bere anaia

Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu, 23, 24 eta 29 urtekoak, apirilean Altzako banku sukurtsal batean izandako lapurretarekin lotuta. Segurtasun Sailak azaldu duenez, “atxilotuak ustezko biktima, honen familiarteko bat eta lagun bat dira, eta dirua eskuratzeko planifikatu zuten lapurreta”: “Ikerketa luze baten ondoren, Ertzaintzak bulegoa irekitzeko arduradunari, lapurretaren biktima izan zenari, hurbildu zitzaizkion bi sumagarriak identifikatzea lortu du. Dirudienez, pertsona horrek ere parte hartu zuen lapurreta prestatzen”.
Apirilaren 14an izan zen lapurreta: “Bi pertsona bulegoa irekitzeko arduradunari hurbildu zitzaizkion bertaratu zenean eta, mehatxu egin ondoren, ganbera korazatuko dirua hartu zuten”, azaldu du Segurtasun Sailak. Lapurretaren ondoren, Ertzaintzak ikerketa hasi zuen lapurreta egin zuten eta burua estalita zuten bi susmagarriak identifikatzeko. Azaldu dutenez, polizia ikerketan jakin zuten “biktimak, sukurtsaleko langilea zenak, egindako kontakizunak kontraesan ugari zituela, eta behin baino gehiagotan ez zuela bete entitatearen segurtasun protokoloa, eta horrek ikertzaileen susmoak piztu zituen”.
Horrela, lapurretaren ustezko bi egileak atxilotu zituzten, 24 eta 23 urteko bi gizon, eta jakin zuten “horietako bat bankuko langilearen anaia zela, eta bestea, berriz, bien laguna”. “Kasuaz arduratu ziren agenteek jakin zuten susmagarriek polizia aurrekariak zituztela eta erregulartasunez joaten zirela joko eta apustu aretoetara eta bestelako merkataritza lokaletara, diru kopuru handiak erakutsiz. Inguruabar horrek eta gertakarien lekuan kokatzen zituzten beste ebidentzia batzuek ahalbidetu dute azken orduetan atxilotzea”, gaineratu du Segurtasun Sailak.
Bi susmagarriren etxean egindako miaketan, lapurretako 11.050 euro lapurretan erabilitako motxila bat eta eskularru bat aurkitu zituzten agenteek. Kasua Donostiako epaitegiaren eskuetan dago orain.