Janire Olarra donostiarra, judoko Espainiako Superkopako garaile

Judoko kadete mailako Espainiako Superkopa jokatu zen pasa den asteburuan Don Beniton (Extremadura, Espainia), eta Donostiako Judo Klubeko Janire Olarra judoka donostiarra garaile atera zen, Euskal Federazioarekin lehiatuta, 52 kilotik beherako kategorian. Horrela, bere kategoriako Espainiako judo sailkapeneko lehenengo postuan dago orain donostiarra (120 puntu), bigarrenari 60 puntu aterata.
Bost borrokaldi gogor eduki zituen, baina denak irabazi eta txapeldun atera zen. Lehen borroka Extremadurako Isabel Cayeroren kontra irabazi zuen, bigarrena Gaztela eta Leongo Camila Bernuyren aurka eta hirugarrena Diana Mata portugaldarraren kontra, hirurak ipponez.
Finalerdietan, Irene Ballester valentziarraren kontra yuko batekin irabazi eta finalera sailkatu zen. Bertan, Matilde Alarcao portugaldarra zuen zain, eta oso borroka gogor baten ondoren, wazari batekin urrezko domina irabaztea lortu zuen.