Manteoko eskailerak ez kentzeko eskatu dute bizilagunek beste behin ere
Bizilagunen arabera, udalak eman dien erantzuna da “harrituta” daudela protestarekin: “Esan digute esplikatu zela, baina azaltzearekin ez dute ezer konpontzen. Esaten badigute beraien azalpena dela eskailera kenduko dutela eta listo, ez dago konponbiderik. Horrek ez gaitu konbentzitzen, auzoaren okerrerako izango delako”.

Martxa jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Manteoko bizilagunek, udalari Nafarroa etorbidetik auzunera sartzeko eskailerak ez kentzeko eskatzeko. Basque Culinary Centerren Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikin berria egitearekin batera, eskailera horiek kendu egingo dituzte, eta Manteokoentzat Grosera iristeko zuzeneko bide bakarra da hori.
Duela bi aste hasi ziren mobilizazioak egiten, eta udalari lanak denbora batez etetea eskatu diote, epe horretan, herritarren eta erakundeen arteko adostasun bat lortu ahal izateko eremu horretako mugikortasunaren eta irisgarritasunaren inguruan. Udalaren partetik erantzunik ez dagoela ikusita, atzo ere martxa bat egin zuten beraien aldarrikapenak ozen oihukatuz.
Eskaileretan elkartu ziren bizilagunak 19:00etan, eta Zurriolaraino egin zuten martxa, Bai, bai bai, eskailerak bai! eta Goia entzun, Manteo borrokan! aldarrikatuz. Zurriolatik, berriro itzuli ziren eskaileren parera, eta ondoren, errepidea alde batetik bestera gurutzatzen aritu ziren, protesta gisa.
“Adar jotze bat da”
Adur Basurko Manteoko bizilagunak hedabide honi azaldu dionez, eskailera horrek ematen duen sarbidea bizilagun guztiek erabiltzen dute Grosera jaisteko eta etxera igotzeko. “Azken aldian, zinegotziak esan digu irisgarritasuna hobetu nahian espaloi bat egin nahi dutela, baina irisgarritasuna hobetzea deitzen badiote eskailera bat kentzeari eta Manteora igotzeko bi noranzko dituen errepidea noranzko bakarrean uzteari, adar jotze bat da”, adierazi du Basurkok.
Bizilagunaren hitzetan, udalak ematen dien erantzun bakarra da ez dutela aurreikusi eskailera bere horretan uztea. “Guk eskatu diegu aukera aztertu dezatela, eta gutxienez, ondo dauden gauzak ez aldatzea”, azaldu du.
Hain zuzen ere, bizilagunek denbora batez GOeko lanak gelditzeko eskatu dute, udalarekin akordio batera iritsi ahal izateko. “Hasiera batean, lanak hasi zirenean, eskailera itxi zuten, eta eskatu genien zabaltzeko, Grosera jaisteko erabiltzen dugulako. Gutxienez, horrela utzi zuten, baina orain eskatzen ari gara pentsatzeko denbora bat hartzea eta konponbide bat aurkitzea. Izan ere, kontuan hartu behar da bizilagunen parte handi bat pertsona helduak direla, eta dagoneko nahiko zaila dela eskailerak igotzea. Eskailerak kenduz gero, 100 metro urrunago joan beharko lukete, eta aldapa gora berriro ere beste 100 metro egin, etxera iristeko”, nabarmendu du Basurkok.
Bizilagunen arabera, udalak eman dien erantzuna da “harrituta” daudela protestarekin: “Esan digute esplikatu zela, baina azaltzearekin ez dute ezer konpontzen. Esaten badigute beraien azalpena dela eskailera kenduko dutela eta listo, ez dago konponbiderik. Horrek ez gaitu konbentzitzen, auzoaren okerrerako izango delako”.
Protestekin jarraitzeko asmoa
Egoera konpondu arte, protestekin jarraitzeko asmoa dute Manteoko bizilagunek. “Udalari eskatu diogun gauza bat izan da hona etortzea, batez ere, Olatz Yarza zinegotziari eta Eneko Goiari, ikus dezaten zer den hau eta zer suposatzen duen honek. Izan ere, paperaren gainean agian modu batera ikusten da, baina hona etorri eta ikusita, beste gauza bat dela uste dugu. Behin baino gehiagotan gonbidatu ditugu hona etortzera, baina momentuz ez dugu eskaera horren inguruko erantzunik jaso”, adierazi du Basurkok.
Alkatea eta zinegotzia bertara joanda, agian, bizilagunak konbentzitu ditzaketela ere uste du bizilagunak, “baina, gutxienez, hitz egin dezatela gurekin”.