EH Bilduk etxebizitzaren inguruan proposatutako bederatzi neurri onartu dituzte osoko bilkuran

Osoko bilkura monografikoaren ondorengo prentsaurrekoan, EH Bilduko bozeramaile Juan Karlos Izagirrek, Ricardo Burutaran zinegotziarekin batera, bilkuraren emaitzak baloratu ditu gaur goizean. “Etxebizitzari buruzko Osoko Bilkura monografiko hau —EH Bilduren ekimenez deitua— aurrerapauso garrantzitsutzat jotzen dugu, Udal Gobernuak bere jarrera zuzendu eta orain Loiolan %100 babestutako etxebizitzen alde egin duelako, gure proposamenekin bat etorriz”, adierazi du Izagirrek. “Erne egongo gara konpromiso hori bete dadin”, nabarmendu du.
Bestalde, EH Bilduk adierazi duenez, osoko bilkura honetan “argi” geratu da EAJren eta sozialisten arteko “desadostasuna” etxebizitzari dagokionean, EH Bilduren bederatzi proposamen aurrera ateratzea ahalbidetu duena. “Argi geratu da hiri honetan gehiengo aurrerakoi sendo bat dagoela, herritarren beharrak kontuan hartzen dituzten politikak bultzatzeko gai dena”, adierazi du Izagirrek.
EH Bilduren proposamenak
Proposamen horiek proposatzen dute lurzoru gehiago artifizializatzea saihestea, edozein proiektu martxan jarri aurretik bizilagunekin adostasuna bilatzea eta higiezinen espekulazioari muzin egitea, besteak beste. “Bereziki, aurreikusitako hasierako prezioaren eta azken salmenta prezioaren arteko aldea kontrolatzea planteatzen dugu, promotoreen espekulazio marjinekin amaitzeko”, azaldu du EH Bilduko bozeramaileak.
EH Bilduren ekimenez, Etxebizitza planean jasota dauden bederatzi neurri hauek onartu dituzte gaurko osoko bilkuran:
• Hirigintza eragiketa berrietan lurzoru gehiago artifizializatzea saihestea, leku degradatuak aprobetxatzeko ahalegin berezia eginez (1. proposamena).
• Bizilagunen adostasuna bilatzea garapen berrien eremuetan (3. proposamena).
• Helburu gisa ezartzea etxebizitza babestu gehiago eraikitzea libreak baino. Hori guztia proiektuen bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jarri gabe, baina sustatzaileen eta eraikuntza enpresen espekulazioa saihestuz (6. proposamena).
• Lehen solairuetan eta hurrengoetan dauden jarduera ekonomikoak beheko solairuetara lekualda daitezen sustatzea, espazio liberatuak bizitegi erabilerara itzul daitezen (14. proposamena).
• Eusko Legebiltzarraren Etxebizitzaren Legea bideratzeko aukera baliatzea (15. proposamena).
• Alokabide programa edo antzekoak indartzea, beharrezko bitartekoak ezarriz eta onura fiskalak aztertuz (16. proposamena).
• Kalifikazioaren formula aplikatzea (18. proposamena).
• Neurri horiek guztiak gauzatzeko aurrekontuak lehenestea (19. proposamena).
• Beste administrazio batzuekiko lankidetza sustatzea helburu horiek lortzeko (19. proposamena).
• Konpromisoa hartzea alokairuan ahalik eta etxebizitza publiko gehien eskaintzeko, baita egutegi bat adosteko ere (21. proposamena).
EAJ, aurka
EH Bilduk adierazi du EAJ izan dela neurrien aurka bozkatu duen alderdi bakarra, baita “teorian ados dagoela dioten proposamenen aurka ere”. “Ezezkoan kokatu dira, blokeo logika bati jarraituz, seriotasun falta eta erantzukizun falta baino erakusten ez duena”, nabarmendu du Izagirrek. “Beste behin ere, akordioak lortzeko gaitasun eza agerian geratzen da. Badirudi proposamen bat EH Bilduk egiten badu, bere erantzun automatikoa ezezkoa dela, edukia kontuan hartu gabe”, gehitu du.
Koalizioaren arabera, EAJk uko egin dio hirigintza garapen berrietan kronograma argi bat ezartzeko aukerari, bai sustatzaileentzat, bai lurzoru publikoa lagatzen zaien erakundeentzat. “Sustapen proiektuetan aurreikusitako hasierako prezioaren eta azken salmenta prezioaren arteko aldea kontrolatzearen aurka ere bozkatu dute, eta horrek sustatzaileen espekulazio marjinak mugatzea eta prezio bidezkoagoak bermatzea ahalbidetuko luke”, adierazi dute.
Era berean, EH Bilduk nabarmendu du EAJk ukatu egin duela etxebizitza tasatua alokairura bideratzeko aukera, “neurri horrek pertsona askorentzat etxebizitza eskuratzeko bide berriak irekiko lituzkeelarik”. “Etxebizitza babestua eskuratzeko irizpideak berrikustearen aurka agertu dira, eta kanpoan utzi dituzte gaur egun baldintzak betetzen ez dituzten milaka donostiar, ezarritako diru sarreren mugak zertxobait gainditzeagatik. Era berean, gaur egun etxebizitzak okupatzen dituzten jarduera ekonomikoak behe solairuetako lokal hutsetara lekualdatzearen aurka agertu dira, baita hutsik dauden etxebizitzetarako kanon bat ezartzearen aurka ere”, salatu dute.
EH bilduri “bereziki kezkagarria” iruditu zaio dagoeneko eraikita dauden higiezinei etxebizitza babestuaren kalifikazioa aplikatzea ahalbidetuko lukeen proposamenari uko egin izana. “Zorionez, ekimen hau aurrera atera da PSEren aldeko botoarekin. Era berean, ez dute konpromisoa hartu ahalik eta alokairu etxebizitza publiko gehien eskaintzeko, ez eta horiek gauzatzeko egutegi bat adosteko ere”, adierazi dute.
Azkenik, PSEri gonbidapena egiten diote, EAJrekin duen akordioaz haratago, “interes orokorraren alde egin dezan, EH Bildurekin eta Elkarrekin Donostiarekin batera”.