«Gizarte kohesionatuago bat eratzen lagundu nahi du Bizilagunak egitasmoak»
SOS Arrazakeriak hamalaugarrenez antolatu du Bizilagunak egitasmoa. Ekainaren 1ean egingo dute, eta Itziar Gorostidi koordinatzaileak (Urretxu, 1983) azaldu duenez, hilaren 26ra arte eman daiteke izena.

Zergatik erabaki zenuten Bizilagunak proiektua martxan jartzea?
Bizilagunak SOS Arrazakeriaren Sentsibilizazio saileko proiektu bat da. Hausnarketa bat egin ostean, ohartu ginen ez daudela hainbeste espazio hemengo herritarrek eta atzerritarrek benetan elkar ezagutzeko edo izotzaldia urtzeko. Plazak, tabernak eta leku guztiak okupatzen ditugu, eta espazio horietan talde desberdinak ikus daitezke, baina beraien arteko elkarreragin hori ez da era natural batean gertatzen. Bakoitza gure endotaldean geratzen gara, gu bezalakoekin eta gure txokoan, eta azkenean, izotz hori hausteko arazoak izaten ditugu. Beraz, Bizilagunak egitasmoak oso era sinple bat planteatzen du bazkari baten bueltan horri bira bat emateko. Horrez gain, aukera ematen du hausnartzeko ea gizarte gisa nola egin diezaiekegun harrera atzerritik datozenei. Izan ere, harrera oso logika formaletan eta oso espazio instituzionaletan ulertzen da, hau da, atzerritarrei azaltzen zaie zein aukera eta espazio dituzten etortzen direnean, baina hori informazioa ematea da. Gizarte gisa, maila ez hain profesionalean eta arlo pertsonalean, aztertu behar dugu zer egin dezakegun erlazio horiek bermatzeko eta gizarte kohesionatuago bat eratzeko. Bizilagunak egitasmoak horretan lagundu nahi du, hain zuzen ere.
Gizarte kohesioak nola laguntzen du pertsonen integrazioan?
Oinarrizkoa da. Zu ongietorria sentitzeak asko egiten du zure ongizatean, eta gure errealitatea hori da; dibertsitatea geratzeko etorri da, eta horrekin funtzionatzen ikasi behar dugu. Orduan, denontzako da onuragarria Bizilagunak egitasmoan parte hartzea; bai datorren kolektibo hori hobeto eta artatuago sentitzeko, eta baita jatorria hemen dutenak sentsibilizatzeko eta beste errealitate bat ikusteko ere. Horrez gain, gaur egungo zurrumurru eta informazio amalgama horretan guztian pixka bat egia zein den ikusteko ere balio du. Gauza asko esaten ditu jendeak, eta askotan, estereotipoak eta aurreiritziak oso errotuta egoten dira diskurtsoetan. Sarritan, errealitatea bere horretan ez ezagutzeagatik esaten dira halakoak, eta egia ez diren gauza asko entzuten ditugu. Eta nahiz eta jende askok esan, horrek ez du esan nahi egia denik. Izan ere, beste kolektibo batengana gerturatzen zarenean, beste era batera ikusten duzu bizi dugun Donostia eta gizartea.
Zertan datza Bizilagunak egitasmoa?
Gure webgunean bertan edo kaleko karteletan dauden QR kodean sartuta, galdeketa bat bete behar da, eta aukera ematen du familia gisa edo dinamizatzaile moduan izena emateko. Familia oso kontzeptu ireki gisa ulertzen dugu; izan daiteke zure lagun taldea, adibidez, bakoitzak familia aurkitzen duen lekuan aurkitzen duelako. Familia gisa izena emanez gero, galdeketan erantzun behar da nortzuk zareten, zenbat, intolerantziarik ote duzuen, gustuak… Izan ere, gero, taldeak elkartzerakoan, antzeko gustuak eta zaletasunak dituztenak uztartzen ditugu. Eta hori kudeatzeko, dinamizatzailearen figura daukagu. Normalean, unibertsitateko ikasleak izaten dira —EHUk kreditu bat ematen du horretarako—, eta beraiek jartzen dituzte harremanetan familiak. Horrez gain, bazkarira bakoitzak zer eramango duen eta halakoak zehazteaz ere arduratzen da, eta horrez gain, dinamizatzaileari eskatzen diogu bazkariaren ondoren, galdeketatxo bat betetzeko balorazioa egiteko.
«Errealitatea bere horretan ez ezagutzeagatik egoten dira estereotipoetan oinarritutako diskurtsoak sarritan»
Zenbat parte hartzaile izan ditu egitasmoak orain arte?
Hamalau urtetan, milaka pertsona izan ditugu proiektuan. Gipuzkoa osoan egiten den egitasmoa da, eta urtero, gutxi gorabehera, 400-500 lagunek hartzen dute parte lurraldean. Pandemiaren aurretik, parte hartzaile gehiago izaten ziren, eta ondoren, horrela mantendu da. Hala ere, lehen, azaroan egiten genuen, eta, aurten, ekainean egingo dugu, udaberriarekin eta eguraldi onarekin jende gehiago animatuko delakoan.
Zein herrialdetako jendea animatzen da?
Herrialde askotako jendeak hartzen du parte Bizilagunak egitasmoan. Lasai asko, hogei bat nazionalitatetako pertsonak izan ditzakegu.
Beraien herrialdeetako janaria prestatzen dute bazkarirako?
Bazkari bakoitza elkartzen ditugun familiek eta dinamizatzaileak antolatzen dute, baina orokorrean, jendeak izaten du bere herrialdeko janaria prestatzeko ilusioa. Hala ere, esan bezala, dinamizatzaileak jartzen ditu bi familiak harremanetan, eta erabakitzen dute bakoitzak zer eramango duen.
Nolako harremanak sortzen dira bazkari horietan?
Azkenean, hamalau urte hauetan, esperientzia asko izan ditugu. Proiektu polita da, eta orokorrean, jendea gustura egoten da bazkarietan. Behin baino gehiagotan, bazkarian ondo egon direnak, eta hortik bi egunetara, adibidez, okindegian topo egin dutenak, lagun bihurtu dira denborarekin. Baten bat gaizki ere atera zaigu, hori ere esan behar da, baina ez da ohikoena. Normalena da jendea gustura geratzea.
Nola izan dezake jendeak proiektuaren inguruko informazio gehiago?
Kutxa Fundazioak badu Hitzetatik Ekintzetara izeneko ekimen bat, eta horren bidez, Bizilagunak egitasmoaren difusio bat ere egiten dute. Bihar, informazio standak jarriko ditugu Donostian (Saguesen), Tolosan (Triangelu plazan) eta Urretxun (Aniztasunaren Jaian). Bertan, izena emateko aukera ere izango da.