Gure aitaren etxea defendatuko dut

LO QUE QUEDA DE TI
Zuzendaria: Gala Gracia · Urtea: 2025 · Herrialdea: Espainia
Bizitzako beste hainbat arlotan bezala, landa eremua espazio segurua bilakatu da ere lurrarekin, beren bizitza propioekin eta iraganarekin duten harremanaz hitz egin nahi duten zinemagilentzat. Eta zorioneko gu, hunkiduraren maitaleok, film txiki, intimo eta errealak ugaritu baitira azken urteotan: Alcarras (2022), Suro (2022), Tenéis que venir a verla (2022) Las chicas están bien (2023), Un amor (2023), Un sol radiant (2023), Los destellos (2024) edo Los pequeños amores (2024)… Eta hauek denak lagin txiki bat besterik ez dira, badira eta beste asko. Ez dezagun bazter utzi, gainera, (ia) denak emakumezko zinemagileen obrak direnaren parekotasuna. Kasualitatea? Ez dut uste.
Bada, txikitik abiatuta, handiena azaleratzeko ariketa egiten duten filmen azpi-genero horretan bilatuko du aterpe Gala Gracia zuzendariaren Lo que queda de ti lanak, bere esperientzia propioa oinarri. Izan ere, Londresen harrapatu zuen bere aitaren heriotzak, egun batetik bestera, hazi zen herrira itzularazi zuena. Hala, zuzendariaren beraren hitzetan, «itzulera film bat» da honakoa, jatorrira itzuli eta, errutik, absentziatik sortzen den sentimendu bati aurre egin behar dion neska gazte bati buruzkoa.
Hain zuzen ere, Sara da filmeko protagonista: 25 urterekin, jazz disko bat grabatzear dago New Yorken, baina, aitaren heriotza dela eta, Huescako Pirinioetan kokaturiko bere jaioterrira itzuli beharko du. Bertan, bere ahizparekin batera, etxalde bat eta artalde bat jasoko ditu oinordetzan. Azken urteetan aitarekin egon ez izanagatik sentitzen duen erruak janda, artaldea saltzeko proposamenari uko egin eta jasotako ondarea bere gain hartzea erabakiko du.
Gala Graciaren debutak ezusteko gutxi ematen ditu argumentuari dagokionez, tonu apal eta diskretu baten bidez aurkezten ditu gertakariak, baina errealismo txalogarriz erretratatzen du baserriko bizitza: animaliak zaintzea eta elikatzea, erditzen laguntzea, haien ongizateaz arduratzea… oro har, eguneroko lanei maitasunez ekitea eta etxea bizirik mantentzea absentzia bat ordezkatzeko modu bat balitz bezala. Hildakoen falta zer den erakusteko modua balitz bezala.
Eta hori guztia janzteko gizatasun dosi bat ere, batez ere, bi protagonisten interpretazioetan dir-dir egiten duena: energikoa eta aldi berean hauskorra agertzen den Laia Manzanares, erabat deserrotua, baina tradizioari uko egiteko prest ez dagoena, bere lurraren bila itzuli den ahizpa gaztearen azalean; eta izugarri kementsua eta zaildua aurkezten den Angela Cervantes, aurrera egitea besterik nahi ez duena. Bere aitaren etxea defendatuko dute biek, nork bere erara.