Loiolako kuarteletan egingo dituzten etxebizitza guztiek babes publikoa izango dute

Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzi Nekane Arzallusek iragarri du Loiolako kuarteletan eraikiko diren etxebizitza guztiek babes publikoa izango dutela. Hain zuzen ere, etxebizitzari buruz eztabaidatzeko EH Bilduk eskatuta egin duten ez ohiko udalbatzarrean iragarri du hori Arzallusek.
Arzallusek adierazi duenez, “hiria martxan da, garatzen ari den etxebizitzan plana du eta dagoeneko eraikitzen hasi dira hurrengo hilabete eta urteetan amaituta egongo diren hainbat garapen”. Horrenbestez, Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza zinegotziak gaineratu du, aurrerapausoa emateko eta donostiarrei zuzendutako babes publikoko etxebizitza berriak sustatzeko unea dela, eta hori posible izango dela Loiolako kuartelen eremuaren birsorkuntzari esker.
Zinegotziaren arabera, legeak ezartzen dituen babestutako etxebizitzen gaineko portzentajez gain, udalak erabaki du kuarteletan egingo den etxebizitzen %100 babes publikokoak izatea, udal etxebizitza tasatuaren figura erabilita. “Eta etxebizitza mota hau mugatutako prezioa duen babestutako etxebizitza mota da, hain zuzen ere, etxebizitza sozial bat lortu ezin duten zein merkatu librean etxebizitza erosteko baliabide nahikorik ez duten donostiarrentzat zuzendutako etxebizitza mota”, zehaztu du.
Arzallusek adierazi du “apustu ausarta eta erabakiorra” egingo dutela: “Euskadin inoiz egin izan ez den apustua. Eta beraz, legeak ezarritako %40az gain, gainerakoa, %100era iritsi arte, udal etxebizitza tasatuak izango dira”.
Udal etxebizitza tasatua
Udal etxebizitza tasatua Etxebizitzaren Euskadiko 3/2015 Legeak aurreikusitako etxebizitza mota da. Udalak zehaztuko du mota honetako etxebizitzaren prezioa, kontuan hartuta lurzorua erosteko, urbanizatzeko, sustatzeko eta eraikinak eraikitzeko kostua. Hortaz, kuartelen eremuan eraikiko diren mota honetako etxebizitzen prezioa obrak egiteko azterketen araberakoa izango da, udalak gogorarazi duenez.
Etxebizitza mota hau babes publikokoa da eta hainbat muga ditu, eskuratzeko, erabiltzeko eta eskualdatzeko baldintzetan. Horrenbestez, hainbat betekizun ezartzen dira, besteak beste, diru sarrerei buruz, eta bereziki, hiriarekiko loturari buruz, gutxieneko errolda edo gutxienez hainbat urtetan hirian lan egitea.
“Halaber, etxebizitza hauen eskualdatzea soilik baldintzak betetzen dituzten zerrendetako pertsonei egin dakieke, eta beraz, espekulazioa ekidin egiten da, babes iraunkorra dutelako, eta ohiko etxebizitza izatera zuzendu behar direlako, erabilera arrunta bermatuz”, azaldu dute. Horiek horrela, Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza zinegotzi Nekane Arzallusek nabarmendu duenez, “Loiolako kuartelen eremuan aurreikusita dauden 1.700 etxebizitzak donostiarrentzat izango dira”.
Erreakzioak
Erabakiaren aurrean, EH Bilduk adierazi du “aurrerapauso garrantzitsua” izan dela Etxebizitzari buruzko Osoko Bilkura monografikoa antolatzea, “udal gobernuak bere jarrera zuzendu eta orain Loiolan %100 babestutako etxebizitzen alde egin duelako, gure proposamenekin bat etorriz”, adierazi du Juan Karlos Izagirrek. “Erne egongo gara konpromiso hori bete dadin”, nabarmendu du.
Elkarrekin Donostiak “garaipen politiko” gisa baloratu du gaur Nekane Arzallus Hirigintzako zinegotziak osoko bilkuran egindako iragarpena.
Koalizioren arabera, udal gobernuak hartu duen norabide aldaketa hau “Elkarrekin Donostiak hilabete luzez egindako presio politiko eta sozialaren ondorioa” da. “Koalizioak behin eta berriz eskatu du etxebizitzen %80 gutxienez publikoak izatea, gobernuaren hasierako proposamenak (EAJ-PSE) legezko gutxienekoarekin, %40rekin, konformatzen zen bitartean”, nabarmendu dute.
Victor Lasa bozeramaileak adierazi duenez, “beharrezkoa zen gobernuak norabidea aldatzea eta lur publikoak interes orokorraren zerbitzura jarri behar zirela onartzea”: “Hasieratik esan genuen halako tamainako operazio batek alokairu sozialerako etxebizitza publikoaren erreferente izan behar zuela. Gaur, aldarrikapen hori egia bihurtu da”.
Lasak gogorarazi du eskaera hau ez dela berria. Apirilean mozio bat aurkeztu zuen kuarteletako lurzoruen izaera publikoa blindatzeko eta bertan eraikiko ziren etxebizitza guztiak alokairura bideratzeko. “Beste behin ere, presio instituzional eta sozialak erakutsi du gobernuaren inertziarekin amaitzeko eraginkorra izan daitekeela”, nabarmendu du.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra
Loiolari buruzko iragarpenaz gain, udalak baieztatu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aldaketa puntual bat sustatuko duela halako proiektu estrategikoetara egokitzeko, baita Auditz Akular eremuan aurreikusitako garapenerako ere. Elkarrekin Donostiak nabarmendu du “adi” jarraituko du tresna hau ez dadin erabili “espekulazio eragiketak errazteko” edo “ingurumen eta gizarte babeseko estandarrak murrizteko”.
Bestalde, Lasak EH Bilduren jarrera jarri du zalantzan eztabaida honetan: “Elkarrekin Donostiak gutxienez %80 etxebizitza publiko eskatzen zuen bitartean, EH Bildu planteamendu orokor eta zehaztugabeekin konformatu zen. Benetan Donostia gobernatu nahi badute, anbizio handiagoa eta aldaketa errealarenganako konpromisoa erakutsi beharko lukete”.