Mubil Centerrek herritarrei ateak zabalduko dizkie bihar
Bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Mubilen webgunean, ordu tartea hautatuz.

Mubil Centerrek herritarrei zuzendutako bisita gidatuak aurrera eramango ditu, bihar. Eskuzaitzetan dagoen azpiegiturak hilaren 12n zabaldu zituen ateak eta hura bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. 10:00etan hasita, 50 laguneko taldeetan egingo dituzte eta 30 bat minutu iraungo dute. Aurrez izena eman beharko dute Mubilen webgunean, ordu tartea hautatuz.
Ibilbidean, bisitariek zentroko abangoardiako hiru saiakuntza-laborategi teknologiko nagusiak ezagutzeko aukera izango dute:
- Biltegiratze elektrikoko laborategia: segurtasun eta fidagarritasun estandar zorrotzenetan gelaxkak, moduluak eta bateria-sistemak probatzeko.
- Trakzio elektrikoko laborategia: automobilgintzaren eta garraio astunaren sektorerako motor, inbertsore eta transmisio-sistemak probatzeko.
- Hidrogeno-pilen laborategia: hidrogenotik abiatuta elektrizitatea sortzeko sistemak probatzeko eta balioztatzeko azpiegitura.
Entsegu banku gisa duen funtzioaz gain, Mubilek teknologia herritarrengana hurbiltzeko eta berrikuntzaren eta lurraldearen garapen iraunkorraren arteko lotura sustatzea du helburu. Datozen egunetan, lanbide heziketako ikasleek, unibertsitateek, ingeniaritza eskoletako ikasleek, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek, Batzar Nagusietako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariek, baita mugikortasunaren sektoreko enpresek ere bisitatuko dute.
Mubil Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustu estrategiko baten emaitza da, 2018an abiatutakoa, etorkizunari aurrea hartzeko eta lurraldea espezializazio handiko sektoreetan kokatzeko helburuarekin. Estrategia honek aukera berriak bultzatzen ditu eta aldi berean enpresa-sare tradizionalari laguntzen dio, enplegua, lehiakortasuna eta berrikuntza sustatuz, Gipuzkoako ekosistema industrialaren garapenerako funtsezkoak diren esparruetan.