«Nire ibilbide guztia autoezagutzarantz joan da: nor naiz ni?»
40 urte inguruko ibilbidea ondu du Pilar Guerra aktoreak (Caparroso, Nafarroa, 1960), eta gelditzeko asmo gutxi dauka: idazketan buru-belarri dabil, eta baita interpretazioan eta musikan ere. Harrituta agertu da elkarrizketa proposamenarekin: «Zer kontatuko dizut nik?». Baina laster hasi da elkarrizketa mamitsua: antzerkia, adinkeria, autoezagutza, Uliako Lore-Baratzak, Palestina...

Caparroson jaioa, baina donostiartua.
Donostiara txikitatik etorri izan naiz, eta, gerora, bizitzera etortzea erabaki nuen; nire hiria da. Hainbat auzotan bizi izan naiz: Amaran, Parte Zaharrean, Egian… egiatar sentitzen naiz. Intxaurrondo Zaharrean bizi naiz orain, baina asko ibiltzen naiz Grosetik eta Tabakaleratik, bertan antolatzen dituzten zinema zikloetara joaten bainaiz.
Zergatik aukeratu duzu Koh Tao?
Bat-batean, burura etorri zitzaidan taberna hau, ez dakit. Egian bizi nintzenean, Beti Bogara joateko esango nizuke, hori zelako nire taberna, baina orain ez daukat horren taberna kutunik. Baina bueno, ikusi duzu, iritsi garenean arduradunak gogorarazi dit kontzertu bat daukadala hemen hitzartuta; akaso, horregatik bururatu zitzaidan taberna hau elkarrizketa egiteko. Hemen ondoan zegoen Tanger taberna ere oso gustuko nuen, baina itxi zutenetik, beste leku autentiko bat galdu du hiriak.
Viktoria Eugenia antzokiaren ondoan gaude. Aktorea izanik, leku berezia da zuretzat?
Kariño berezia, akaso, izan ahal diot, baina bueno, aktoreontzako beste leku asko daude. Eta ni ez naiz Hollywoodeko aktore bat ere, kontrakoa. Viktoria Eugenia antzokiko oholtzara igotzeko gogo handia daukat, hori bai, eta ez dut aukera hori alde batera uzten.
Bizitzako garai batera iristen zara, adin batera, non jendea pixka bat zutaz ahazten den. Gainera, nire kasuan, idazten dudanez, abesten dudanez eta antzezten dudanez, ez dago guztiz definituta zer naizen.
Adinkeriaz ari zara?
Bai! Adinkeriari buruzko antzezlan bat idazten ari naiz, hain zuzen ere. Nobela bat idazten ere hasi nintzen bere garaian, baina aparkatuta daukat.
Idazketan murgilduta zabiltza, beraz.
Idaztea gustatzen zait, antzeztea gustatzen zait eta kantatzea ere bai. Baina dena gordeta dago, ez naiz sekulako ibilbide interesgarria duen horietakoa. Ordea, gero eta hobeto nago: fisikoki oso ondo nago, mentalki ere bai eta espiritualki gero eta hobeto. Nire ibilbide guztia autoezagutzarantz joan da: nor naiz ni? Pixkanaka, nor naizen ezagutzen ari naiz, baina oraindik ez guztiz. Ez dakit noizbait galdera horri erantzuteko gai den norbait.
Idazketara itzuliz, batez ere, antzerkia idazten dut. Idatzi ditudan mikroantzezlan asko estreinatu egin ditut, baina idatzita ditudan lan mardulago batzuk hor daude, gordeta, estreinatu gabe. Eta ez dakit zergatik den; nire lan horiek jendaurrean erakusteko beldurragatik? Ez dakit.
Idazten ari naizen lan horretan, hain justu, emakumezko idazle bati buruz idazten ari naiz, inpostorearen sindromea duena eta adinkeria jasaten ari dena. Berarentzat idazten hasten da, baina bere nobela batek arrakasta handia du eta hurrengoa idaztera doanean, arazoak sortzen zaizkio.
«Hiri askotan, kalera ateratzen gara genozidioa salatzera, baina badirudi ez duela ezertarako balio»
Mikroantzezlana asko lantzen duzu. Ba al dago Donostian halakoetarako espazio nahikoa?
La Farandula aretoak arrakasta handia izan zuen ireki zutenean eta astero ikuskizunak programatzen jarraitzen du, baina zaila da mikroantzezlanak programatzeko espazioak aurkitzea.
Lehen espazio gehiago zeuden?
Musikarako espazio batzuk badaude, baina antzerkirako oso gutxi. Lehen, La Gatera tabernaren moduko espazio batzuk zeuden hirian, kafe antzerkia programatzen zutenak. Kulturaren aldeko apustua egiten zuten, askotan, ekitalditik ateratzen zuten dirua baino gehiago ordaintzen zizutenak; kontzertuekin dirua irabazi daitekeelako, baina antzerkiarekin ezer gutxi. Hainbat urtez, tabernatan, gaztetxetan eta kultur etxe batzuetan antzezten aritu nintzen, beste hainbat kiderekin batera.
Telebistan, zineman eta antzerkian lan asko egin duzu. Kariño bereziarekin gogoratzen duzun proiekturen bat?
Ikus-entzunezkoetan, Autorretrato esango nizuke, Javi Alonsorena; oso oroitzapen polita daukat.
Antzerkian, Akusa konpainia sortu genuen garaia datorkit burura. Jon Sarastik zuzentzen zuen proiektua, kide bikain asko elkartu ginen horren bueltan eta produkzio interesgarri eta arriskatu ugari egin genituen, gaztelaniaz eta euskaraz.
Interpretazioan eta idazketan ez ezik, musikaren arloan ere murgilduta zaude.
Beti gustatu izan zait, Udal Musika Eskolako Big Bandean parte hartu nuen hainbat urtez, esaterako.
Joan den urtean, Uliako Mintegietako erromerian jazz talde batekin jotzen ikusi zintudan.
Uliako Lore-Baratzak proiektuan parte hartzen dut, asteartero joaten naiz haztegietara. Eta, halako batean, hango kide batek, kontrabaxu jotzailea dena, berarekin jotzeko esan zidan, badakielako jazza asko gustatzen zaidala. Eta hala egin genuen, entseatu gabe.
Honetaz guztiaz gain, munduaz ez dugu hitz egingo?
Zerk kezkatzen zaitu bereziki?
Palestinak. Badakit beste herri askok laguntza behar dutela, baina izugarria da Palestinan gertatzen ari dena; genozidio bat da. Hiri askotan kalera ateratzen gara genozidioa salatzera, baina badirudi ez duela ezertarako balio.
Palestinar guztiak hil nahi dituzte, bonbekin eta hondamendiarekin ez ezik, miseriarekin, laguntza humanitarioko kamioiak sartzen utzi gabe. Herri baten suntsipena ikusten ari gara, egunez egun. Guk zaurgarrienen alde egoten jarraitu behar dugu, isilik ez egoten eta kalera ateratzen.