Osasun publikoaren aldeko elkarretaratzea egin dute Grosen
DOPA eta TOPA plataformek deitutako ekintzan hamarnaka lagun elkartu ziren ostegun arratsaldean.

Donostialdea Osasun Publikoaren Alde (DOPA) eta Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformek deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Groseko osasun etxearen aurrean. Hamarnaka lagun batu ziren Diru publikoa erakunde pribatuentzat eta Tolosaldea ospitale publikorik gabe: elkarrekin balantza irauli! lelopean.
Deitzaileek nabarmendu dute “interes pribatuko muntaia” den Groseko Basque Culinary Centerren eraikina lau urtetan altxa dutela, Tolosaldean ospitale publikoaren alde hamalau urte borrokan daramatzaten bitartean. Halaber, salatu dute GOe egitasmoa pribatua bada ere, diru publikoarekin lagundu dutela, “24 milioi euro kostatu zaigu”, eta erabilera sozialerako lursail bat 75 urterako eman zaiola, “horretarako borondate argia zegoelako”, nahiz eta Groseko eta Uliako auzotarrak aurka agertu.
Tolosaldean, aldiz, oraindik ez dakite zein den eskualdeko osasun plan orokorra eta gogorarazi dute Osasun Sailak “zor historiko bat” duela, izan ere, 12 milioi euro gutxiago iritsi dira urtero Tolosaldeara beste eskualdeekin alderatuta. “Gure kalkuluen arabera, 236 milioi gutxiago. Zertarako nahi ditugu gure zergak?”.
Egoera horren aurrean, osasun publikoa herritarrentzat “lehentasuna” den heinean, hura defendatzera deitu zuten.