Patxi Lazkano, Otxoki baserriari kantatu zion bertsolari eta bolaria
Intxaurrondoko Otxoki baserrian jaioa, bolari iaioa eta bertsolari fina zen Patxi Lazkano. Penaz ikusi zuen nola bota zuten bere jaiotetxea, eta bere bertso ezagunenak eskaini zizkion.

Bertsolari askok euren jaiotetxearen izena hartu izan dute, eta horietako bat izan zen Patxi Lazkano Loidi (Altza, 1916—1994), Otxoki ezizena erabili baitzuen. Intxaurrondoko Otxoki parkea dagoen tokian, izen bereko baserria egon zen, hain zuzen ere, parkeari izena eman ziona eta Lazkano jaiotzen eta hazten ikusi zuena, Intxaurrondo Altza udalerriko auzo bat zenean.
Txikitatik izan zen bertsozalea Lazkano, besteak beste, Otxoki baserrian zuten tabernatik pasatzen ikusi zituelako garaiko bertsolari altzatar handiak, hala nola, Patxiku Arzak, Joxe Bordaxar eta Jose Manuel Lujanbio Txirrita. Hala kontatu zuen Lazkanok berak Antonio Zavalarekin 1983an argitaratutako Tiro tartean bertsotan liburuan (Auspoa). Are gehiago, Txirritarekin batera ere bertsotan aritu izan zela kontatu zuen lan horretan Lazkanok, zehazki, 1935ean: «Txapelketa izan zan Donosti’n, ta ura, Donosti’ra etortzen zanean, Kale Easo’ra joaten zan, Bar Manolo’ra. Joan ta Xebastianek kantatu zuan lenbizi, ta nik gero. Txirritak ere bai. Baita Xegundo Kalonje ‘ren osaba Linok ere».
36ko gerran, ordea, frontera bidali zuten, baina orduan ere ez zuen bertsolaritza alde batera utzi, Burgostik, Aragoitik, Albacetetik eta Kataluniatik, besteak beste, bere eskutitzetan sarritan bidali zituen bertsoak etxera. Gerora, Zavalak bertso horiek jaso zituen aipaturiko liburuan.
Bestalde, bertsolaritza bezain beste gustatzen zitzaion bolotan aritzea Lazkanori eta ohikoa zen Altzako, Ategorrietako zein Donostiako beste hainbat bolatokitan bola jokoan hura ikustea. Pedro Lazkano semeak ere aitaren zaletasuna hartu zuen, baita hiriko bolatokien zaintzan eta Gipuzkoako Bolo eta Toka Federazioko presidente lanetan aritu ere, 2020an zendu zen arte (1948—2020).
Otxoki baserriari bertsoak
Bertsolaritzarekin eta boloekin batera, Otxoki baserria zen Lazkanok gehien maite zuen gauzetako bat, bere jaiotetxea baitzen, hamarkada luzez bere familiaren etxea izandakoa. Hain zuzen ere, Patxi Lazkano Sorzabalek Estibaus.info Altzako atarian 2017an jaso zuenez, 1889ko udal dokumentu batean ageri da lehen aldiz Lazkanotar bat Otxoki baserriarekin lotuta, zehazki, Antonio Lazkano Arsuaga. Aurretik, Jose Joaquin eta Jose Mariano Sansinenea Larrañaga anaiak bizi ziren baserrian, euren familiekin.
1968an, ordea, Otxoki baserriko lurrak eta inguruko beste hainbat desjabetu zituzten garaiko erakunde publikoek, aurreikusita zituzten hirigintza garapenak zirela eta. Horren ondorioz, Otxoki eta inguruko hemeretzi baserri bota zituzten, eta gertakari haiek pena handiz bizi izan zituen Lazkanok, Tiro artean bertsotan-en kontatu zuenez: «Igandea zan guk al de egin genduanean, ta astearte-arratsaldean etxea botatzen ari ziran, kutxareakin. Uba’tik nentorrela, orixe ikusi nuan. Ordurako etsiak geunden. Ala ere, pena ederra eman zidan. Penagarriagoa izan zan, ordea, andik alde egin bearra».
Horrenbestekoa zen zuen pena, hamabi bertsoko sorta bat eskaini ziola Otxokiri, baita bertso haiek Zeruko Argia-n 1979an argitaratu ere; Lazkanok berak liburuan aitortu zuenez, «notizi ugariak» izan zituen bertso haiengatik, oihartzun handia izan baitzuten. Gerora, beste bertso sorta bat ere eskaini zion bere baserri maiteari, baina hura ez zuen inon argitaratu, 1983ko liburuan jaso arte. Bertsoek ederki erakusten dute baserriek zer esanahi zuten edozein familia baserritarrentzat eta Euskal Herriarentzat. Adibide gisa, bi hauek: «Jaiotzetikan oituak geunden/baserri zabal batian,/kanpo-lanian jarraitu degu/juan diran zenbait urtian;/egun batetik bestera danok/sartu gaituzte lurpian,/orain kalian bizi bearra/lau paretaren tartian» eta «Ara amabi bertso nun dauden/Patxi Otxokik jarriyak,/goratu nairik lurperatuta/utzi diran baserriyak,/gure zelaitan gelditu diran/arbola maitagarriyak;/oraingo txandan puska goxorik/galdu du Euskalerriyak».
Zeruko Argia-n 1979an argitaratutakoak:
Bertso berriyak jartzera nua
guztizko borondatian,
milla beatzireun irurogei ta
zortzigarrengo urtian;
zer gertatu dan esan biar det
Intxaurrondo’ko partian,
nere barrena ez dago lasai
guziyak jakin artian.
Asarre xamar artu gaituzte
oso gorroto gogorrez,
geren etxetik ateratzeko
desapiyoka egurrez;
andre ta gizon, zar eta gazte,
guziyak oien beldurrez,
illabetian famili asko
egondu gera negarrez.
Alare oiek segitzen zuten
beren gorroto txarrian,
makina aundi bat jartzen ziguten
geren etxien aurrian,
esanaz: «Ordu asko baño len
ikusiko da luman!»
Zenbat naigabe pasa ditugun
geren baserri zarrian!
Emeretzi etxe bota dituzte
illabeteren barruan,
famili askotan beidatu gabe
zer miseriya daguan;
bizitzen ere etzegon errez
olakuaren onduan,
baserriya ala utzi biarra
pena galanta genduan.
Auxen da lana ezin arturik
biar dan pazientziya,
gure biyotza erdibitu da
etxia orla autsiya;
kalian bizi biar degula
artua degu etsiya,
nik galdetutzen dedana au da:
Nun dago kontzientziya?
Gure denbora pasia degu
beti baratzan lanian,
eguneroko ogiyen billa
ain borondate onian;
uste ez genduen ekaitz gaizto bat
gañera etorri danian,
iñundik ere anparo gabe
utzi gaituzte kalian.
Abenduaren irua zan au,
Santa Barbara bezpera,
egun orretzaz bizi gerala
beñere aztuko ez gera;
aita ere egun ortantxen juan zan
mundu ontatik bestera,
oi t’amairu urte ziran eunian
etxia bota ostera.
Ni naiz Otxoki deitzen nautena,
ola zan gure etxia,
neronen bistan egokitu zan
tellatuak lur jotzia;
ura ikusita nere barruak
pasatu zuben trantzia,
nere biyotzak dadukan penik
ezta posible kentzia.
Gu bezelaxe famili asko
dirade errukarriyak,
baserritikan bota gaituzte
ta kalera etorriyak;
batzuek dira amona zarrak,
beste batzuek elbarriyak,
oientzat ere iritxi dira
munduko egun gorriyak.
Jaiotzetikan oituak geunden
baserri zabal batian,
kanpo-lanian jarraitu degu
juan diran zenbait urtian;
egun batetik bestera danok
sartu gaituzte lurpian,
orain kalian bizi bearra
lau paretaren tartian.
An utzi ditut aran-arbolak,
utzi ditut gereziyak,
an utzi ditut piko ta udare,
sagar gez eta gaziyak;
nere biotzan zain bana dute
an dauden arbol guziyak,
nere barrena samindutzen du
orrela galtzen utziyak.
Ara amabi bertso nun dauden
Patxi Otxokik jarriyak,
goratu nairik lurperatuta
utzi diran baserriyak,
gure zelaitan gelditu diran
arbola maitagarriyak;
oraingo txandan puska goxorik
galdu du Euskalerriyak.
Ondoren idatzitakoak, inon argitaratu ez zirenak:
U rte aundi bat igaro ondoren
berriro biar det asi,
gure bizitza nola dijuan
nai nuke adierazi;
len baserriyan oitua nitzan
ta gaur kalian naiz bizi,
bertan tapatuko ezpaziraten
etorri nitzan igesi.
Aitortuko det kale-etxian
ni zeñen triste naguan:
txori txiki bat kaiolan sartu
ta ego ten dan moduan;
lengo paraje zarrak ikusten
izandua naiz lenguan,
esatia ere lotsa ematen dit
zeñen arlote daguan.
Gure arbolak bota dituzte
piko bat izan ezian,
txantxangorri bat moko luzia
zegon bere babesian,
adar gañetik beira jarrita
zedozer esan nai zian:
bakardadian triste zegola,
ta ondoren segitzen zian.
Txoritxu ori agurtu nuben,
bueltatu nitzan atzera,
kale aldera jetxi asmuan
lengo biria artzera;
txepetxa ere an azaltzen da
txantxangorriyen antzera,
uste det ura etorri zala
nun nebillen galdetzera.
Xalapartaka egan egiñaz
etzan irteten aurretik,
ark etzuela iges egin nai
bera jaio zan lurretik;
zaukazkin penak erakutsitzen
saiatutzen zan gogotik,
lengo penaren berri-aldi bat
artu nuan beragatik.
Oiek utzita igo nitzaden
goiko Ametzagañera,
piska batian an ego n nitzan
begira andikan bera,
neroni jaio ta azi bitarte
bizitu nitzan lurrera,
esanaz: Gure baratzan frutik
ez dek emendik aurrera!
Auxen da lana, eziñ aspertu
gertatu dana esaten,
nik berriz ere adierazten det
jendiak jakin dezaten;
juan dan urtian triste nebillen
eta tristeago aurten,
kale-etxeko paretak ez du
fruta berririk ematen.
Nere denboran kale-zalia
egundaño ez naiz izan,
erremeiorik etzeguen da
orrengatik jetxi nitzan;
oraiñ jendiak jakin dezala
zer posturetan gabiltzan:
kaiolan sartu ta erdi gosiak
daguen txoriyen gisan.
Negar-malkuaz bustitzen ditut
arpegiko bi musuak,
sentimentuaz lagundutzen dit
barrutik biyotz gaxuak,
diran bezela adierazteko
munduko nere pausuak;
ez dakiyenak jakin dezaten
orra nik jarri bertsuak.
Gaur kaletikan kantatutzen det
ta baserritik lenago,
garai batian bei:in alaia
nere biyotza ez dago;
mingaña daukat kantari baño
memoritik urri nago,
bertso obiak jarriko nitun
barrutik trankil banego.