'Su artean, Gure artean' egitasmoa aurrera eraman dute
Hainbat kultura eta jatorritako donostiarrek otordu bat partekatu dute Martutene, Amara Berri eta Grosen.

Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira, eta udalaren Kultura Aniztasun sailak sustatutako kulturen arteko astearen barruan, Ongi Etorri Eskolara proiektuak kulturarteko hiru topaketa gastronomiko aurrera eraman ditu Su artean, Gure artean egitasmoaren bidez.
Topaketen helburua hainbat kultura eta jatorritako donostiarren arteko topagune bat sortzea da: elkar ezagutu, sareak sortu eta hiria osatzen duten kulturei balioa emateko. Groseko Marruma, Amara Berriko Ikasbide eta Martuteneko Txapel Aundi elkarteetan 160 herritar bildu dira mahaiaren bueltan. Hainbat jatorritako platerak prestatu dituzte, norbanakoen laguntzaz: Maroko, Euskal Herria, Guatemala, Kamerun, Mongolia eta Venezuelako errezetekin osatu zituzten.
Egitasmoak eragile ezberdinen arteko lankidetza sareak sortzeko balio izan du. Hain zuzen ere, Martuteneko topaketa Martu Harrera taldearekin elkarlanean antolatu zuten. Talde horretan auzoko hainbat eragilek parte hartzen dute, auzoko bizikidetzaren eta kulturartekotasunaren alde egiteko. Hala, besteak beste, Harrera Sareak, Arantzazuko Ama ikastetxeko guraso taldeak eta haurtxokoak parte hartu dute. Amara Berrin, aldiz, Kolore Guztiak elkarteak eta Xuper Xagu Jai Batzordeak menuko plateretako bat prestatu zuten; eta Grosen, Kale Afari Solidarioak-en laguntza izan zuten.
Horrez gain, Euskaraldiak ere bere protagonismoa izan du, eta hiru topaketetan keinu bat egin zitzaion, ekimenaren helburuak azaldu eta logoekin talde argazkia aterata.