Harrera eta euskara uztartuko dituen Donostia baten xerkan
Donostiako Euskaltzaleen Topaketak egin dituzte gaur San Telmo museoan. Bagerak antolatuta, harrera eta euskara izan dituzte hizpide, mahai inguru eta talde dinamika baten bidez.

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatuta, Donostiako Euskaltzaleen Topaketa egin dute gaur hamarnaka lagunek San Telmo museoan. Lau orduko jardunaldia Ekitaldia Hitzetatik Ekintzetara ekimenaren barruan egin dute, Kutxa Fundazioaren laguntzaz. Aurtengo topaketetan landu duten gaiak bi arloren gurutzaketa izan du oinarri: harrera eta euskara.
Bagerako Aiora Enparantzak ongietorrian azaldu duenez, elkarteak kultur eta hizkuntza aniztasunarekin duen konpromisoa “irmoa” da. Horregatik, “ezinbestekoa” iruditu zaie harrera lantzen duten elkarte eta eragileekin prozesu parte hartzaile bat bideratu eta Donostiako euskaltzaleekin, gaurko topaketaren bidez, prozesu hori osatu eta lurreratzea. Prozesu parte hartzailea Taupa Mugimenduaren aholkularitzarekin diseinatu dute, eta bi saio izan dituzte topaketetara iritsi aurretik: bata, harreran lanean dabiltzan eragile eta entitateekin eta bestea, harrera hartzaileekin.
“Argi dugu beharrezkoa dela harreran dabiltzan eragile eta harrera hartzaileen beharrak identifikatzea, euskalgintzak harrera egokia eskaintzeko baldintzak sortu ditzan. Donostiako harrera eraginkorra izan dadin, sortu beharreko baldintza horiek zeintzuk diren eztabaidatzea izango dugu helburu gaur”, azaldu du Enparantzak.
Mahai ingurua
Aurkezpenaren ostean, integrazioan lan egiten duten hainbat eragiletako ordezkariak gonbidatu dituzte mahai ingurura, gaiaren inguruan hausnartzeko: Kaleko Afari Solidarioak (KAS) ekimeneko Agus Rodriguez, LAB sindikatuko Etorki(n)zuna proiektuko Alejandro Terrones eta Eusko Jaurlaritzako Biltzen elkarteko Carolina Fetescu.
Terronesen arabera, garrantzitsua da atzerritik etortzen direnak “migrante” ez sentitzea, eta dagoeneko Euskal Herriko herritar direla sentiaraztea. LABeko kideak azaldu duenez, “formakuntza eskaintzen diegu, eta horrela, talde baten barruan daudela sentitzen dute”. Fetescuk adierazi du etorkinei EAEko testuinguru sozialaren, kulturalaren eta politikoaren inguruko informazioa ematen dietela, ahalik eta hoberen integratu daitezen. Bestalde, Rodriguezek azaldu du KASen barruan motibazio desberdinak daudela, baina kasu honetan, ekimeneko kideak batzen dituena “gose direnei jaten ematea” dela. Ildo horretan, “aterpe bat eta elikadura ona” izateko eskubidea benetakoa izan dadin egiten dute lan KASen.
Etorki(n)zuna proiektuan, lehenik eta behin, atzerritik etorritakoei azaltzen diete LAB sindikatuaren ikuspuntua zein den, eta ondoren, pertsona migratuek erabakitzen dute taldean geratu ala ez. “Gu saiatzen gara beraiek hizkuntza inposaketa gisa ez ikusten, hizkuntza maitatzen baizik”, nabarmendu du Terronesek. Hain zuzen ere, migrante askoren jatorrizko hizkuntzak ere “zapalduta” dauden heinean, euskararen egoerarekin berehala enpatia izaten dutela azaldu du Terronesek.
Rodriguezek azaldu du KASen gaztelaniaz eta frantsesez egiten dutela pertsona migratuekin, eta hori dela “gure herrian gure hizkuntzaren egoeraren isla bat”. “Sentitzen dut, baina hala da”, esan du.
Fetescuk nabarmendu du euskara ikasteko gero eta programa gehiago daudela Euskal Herrian, eta horiek ere lagungarriak direla pertsona migratuak euskarara hurbiltzeko.
Harrera nola egin?
Bagerako Alai Krusek gidatutako mahai inguruan, eragileek atzerritarrei harrera nola egiten dieten galdetu die gonbidatuei, hizkuntzari dagokionez. KASeko eta Etorki(n)zuna proiektuko kideek esan dutenez, ekimen horietako erabiltzaile gehienez euskara ulertzen ez dutenez, gaztelania, ingelesa edo frantsesa erabiltzen dute gehienetan, baina hala ere, saiatzen dira euskara txertatzen atzerriko pertsonen artean. “Euskaraz hitz bat esanez gero, bihotzak irekitzen dira”, adierazi du Terronesek.
Biltzen elkartekoak azaldu duenez, beraiek etengabe zaintzen dute komunikazioa administrazioaren eta pertsona migratuen artean. “Adibidez, hainbat mezu euskaraz eta gaztelaniaz zabaltzen ditugu, baina norbaitek ez badu ezer ulertzen, beste hizkuntza batzuetan ere egiten diegu harrera. Pertsona migratuentzako ikastaroetan esaten diegu hemen euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten dela. Egia da kanpotik etortzen direnek, gaztelaniaz badakite, lehenengo gaztelaniaz egin behar dutela gero euskarara salto egiteko, eta nik elebitasuna aldarrikatuko nuke”, nabarmendu du Fetescuk.
KASekoak adierazi du gaztelania jakitea “derrigorrezkoa” dela legeari dagozkion paperak eta abar ulertzeko. “Hor lehentasunak sartzen dira. Gaztelania beharrezkoa da, baina euskara ez, eta hizkuntza ikasteko, lehentasunak sartzen dira hor”, nabarmendu du. Donostiar modura, Rodriguezek uste du lehenik atzerritarrengana hurbildu eta beraiek ezagutu behar dituztela euskaldunek, horrela, kanpokoak euskarara gerturatzea errazagoa izango delako. “Behin baino gehiagotan, ezuste oso onak hartzen dituzu, kontzientziari dagokionez”, gehitu du.
Terronesek azaldu du norbait “maitasunez” gerturatzen bada euskarara eta “inposaketaren hormarekin” topo egiten badu, kontrako efektua lortuko dela. “Bidea ireki behar diegu, eta iritsiko dira gure hizkuntzara, beste asko heldu garen bezala, maitasunez, eta ez obligazioz”, adierazi du LABekoak.
Biltzenekoak esan du Itzultzaile neuronala bezalako tresnak lagungarriak izan daitezkeela hizkuntza ikasten joateko. Bestalde, kulturari dagokionez, adibide moduan jarri du kalean asko abesten dela euskaraz, eta kantujirek eta halakoek ere lagundu dezaketela. “Uste dut bide motela dela, baina euskaraz jolastu, hitz egin eta praktikatu daitekeen lekuak badaude, eta hizkuntzarekiko maitasun hori sustatzen dute”, nabarmendu du Fetescuk.
Talde dinamika
Mahai inguruaren ostean, atsedenaldia egin dute, eta ondoren, talde dinamikari ekin diote. Guztira, bost dinamika talde osatu dituzte parte hartzaileek. Onintza Olaizola Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko kideak gidatu duen dinamikak hiru zati izan ditu: lehendabizi, jomugan jarri dute euskarari eta harrerari dagokionez, nolako Donostia nahiko luketen etorkizunean, hemendik hamar urtera.
Hain zuzen ere, Donostian harrera eraginkorrra da eta hizkuntzak aintzat hartzen ditu baieztapenera iristeko, aztertu dute zein baldintza bete behar diren, eta azkenik, eztabaidatu dute Donostiako euskaltzaleek zer egin dezaketen hori lortzeko.
Ezaugarrien artean, Donostia “euskalduna, enpatikoa, alaia, ahaldundua, erakargarria, inklusiboa, ausarta, gorrotorik gabekoa, irekia eta harrerarekiko hurbila” irudikatu dute parte hartzaileek. Hurrengo pausoa horra iristeko zein baldintza bete behar diren aztertzea izan da. Beste batzuen artean, euskara ikastaroen doakotasuna aldarrikatu dute, eta euskara erakargarri egitea.
Bestalde, etorri berriei estrukturak eta herritarrek lagunduko beharko liekeela uste dute, euskaldunak eta euskara babestuko dituen lege baten bidez. Horrez gain, instituzioak eta egoera soziala euskararen aldekoak izatea lortu behar dela aldarrikatu dute. Gainera, “harrera protokolo efektibo” bat ere egon beharko litzatekeela hausnartu dute.
Azkenik, donostiarrek hiri hori lortzeko egiten dutenaren inguruan, uste dute “lehen hitza euskaraz egitea oso garrantzitsua” dela, eta egiten dela. Bestalde, Ongi Etorri Eskolara proiektuak, Bagera elkarteak, euskaltegiek eta euskararen aldeko beste ekimenek ere martxan jarraitu behar dutela uste dute, harrera eta euskara uztartzeko lan egiten baitute beraien egunerokotasunean. Gainera, uste dute “borondatezko lan asko” egiten dela Donostian euskara eta inklusioa lantzeko, eta zentzu horretan “borondate on asko” dagoela baloratu dute.
Hala ere, indartzeko hainbat gauza daudela uste dute, eta horien artean, nabarmendu dute pasaia linguistikoa indartu behar dela eta arlo teknologikoan, pantailak euskaraz bultzatu behar direla. Bestalde, euskalgintza saretu behar dela nabarmendu dute, elkarren berri izateko eta elkarrekin eragiteko. Gainera, prozesu parte hartzaileak bultzatu behar direla uste dute, eta hizkuntza zehar-lerroa izan behar dela eremu guztietan.
Horrez gain, Donostiako auzoetan eragitea ere beharrezkotzat jo dute, modu lokalean eta komunitatean, eta aisialdia ere bultzatu behar dela euskara bultzatzeko, abestien eta dantzen bidez, esaterako. Horrez gain, burujabetza izan beharko genukeela uste dute, hizkuntza oldarraldien aurrean indarra izateko, besteak beste. Azkenik, hezkuntza arautuan eta ez-arautuan baliabide gehiago ere aldarrikatu dituzte, eta doako aisialdi euskalduna sustatzea.
Emankorra izan da gaurko Donostiako Euskaltzaleen Topaketa, eta orain, Bagera elkarteari egokitzen zaio hemen jasotakoekin txosten bat osatzea. Bertan jasotako ondorioek balioko al dute Donostian harrera eraginkorra da eta hizkuntzak aintzat hartzen ditu ideia horretan sakontzeko? Espero dezagun baietz, horrelako egitasmoek emandako fruituak ezerezean geratu ez daitezen.