Segurtasunaren aldeko mobilizazioaren aurrean antolatutako kontramobilizazioa arrakastatsua izan da

Segurtasunaren aldeko elkarretaratze bat egin zuten atzo, 19:00etan, Altzako Harria parkean. Gedar hedabideak azaldu duenez, “eskuin muturreko ideologiarekin lotura izateagatik ezaguna den pertsona batek” zabaldu zuen deialdia sare sozialetan, eta Juventud Combativak eta Patrullas Vecinalesek babestu zuten, besteak beste. Hala ere, komunikabideak azaldu du “porrot” egin du mobilizazio saiakerak.
Gedarren arabera, dozena erdi bat pertsona hurbildu ziren elkarretaratzera, Ertzaintzaren dispositibo polizial handi batek babestuta. Era berean, hainbat kolektibo antifaxistak pobrezia, arrazakeria eta faxismoa salatzeko kontramobilizazio bat zeukaten antolatua, elkarretaratze horri aurre egiteko, eta ordu berean toki berean antolatu zuten kontramobilizazio hori.
Bigarren horretara “ehunka lagun” joan zirela jakinarazi du Gedarrek, eta parez pare jarri zirela elkarretaratze horren aurrean. Horrela, migranteen aurkako gorroto mezuen ordez, “faxismoaren aurkako eta klase elkartasunaren aldeko oihuak” nagusitu zituztela azaldu dute.
Azkenean, parketik joan behar izan zuten segurtasunaren aldeko kontzentrazioan bildutako pertsonek, Ertzaintzak babestuta. Kontzentrazioak amaitzean, Ertzaintzak kontrola jarri zuen Harria Parketik gertu. Gedarren arabera, gutxienez bi kotxe gelditu eta hamar pertsona identifikatu zituzten poliziek.