2.332 ikusle izan ditu aurtengo Poltsiko Antzerkia jaialdiak
Martxan da XVI. sorkuntza deialdia, irailaren 14ra arte zabalik egongo da.

Aurtengo Poltsiko Antzerkia jaialdia atzo amaitu zen eta horri buruzko balorazioa gaur bertan ezagutarazi du Donostia Kulturak prentsa ohar baten bidez. Hilaren 8tik 25era bitartean egindako antzerki, umore, magia, musika eta kabaret emanaldietara 2.332 lagun bertaratu direla jakinarazi dute.
Asis Hansson, Belen Nevado, Lorena Arangoa eta Aintzane Baleztena, Virginia Imaz… eta beste hainbat artistek 27 taberna eta ezohiko gunetan aurrera eraman dituzte beren saioak. Guztira, 31 izan dira, erdia, euskaraz. Antolatzaileek nabarmendu dute, bi hizkuntza ofizialen erabileraz gain, emakumeen parte hartzea ere “nahiko parekatua” izatea lortu dutela. Hala, hamasei konpainietako zortzi emakumezkoek soilik osatuak dira, lau, gizonezkoek eratuak, eta beste hainbeste, mistoak.
Horrez gain, eskerrak eman dizkiete hiritarrei emanaldiei egindako harrera “bikainagatik”. “Poltsiko Antzerki Jaialdiak beti izan du publiko fidela eta aurten ere hainbat ikusle berriro topatu dira Donostiako kultur programazioak klasikoa den ekitaldian”.
Euskarazko sorkuntza proiektu deialdia
Aurtengoa amaituta, datorrenari begira jarri dira, jada. Hala, Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzarekin, Poltsiko Antzerkiaren alorrean euskarazko sorkuntza bultzatzeko hamaseigarren proiektu deialdia abiatu du. Formatu txikiko euskarazko sorkuntza bultzatzea du helburu, baita kultur balio katearen ibilbide guztia jorratzea ere.
2011n abiatu zuten lehenengoz, eta aurreko hamabost deialdietan, 90etik gora izan dira aurkeztutako proiektuak. Hamaseigarren honetan, aukeratutako bien sorkuntza eta ekoizpena laguntzez gain, horien estreinaldia egingo du hurrengo urteko jaialdian. Modu horretan, “euskal antzerki sorkuntzari leiho bat ireki nahi diote jaialdiaren barruan”. Hain zuzen ere, aukeratutako bi antzezlanen lau emanaldi egingo dituzte hiriko auzoetako hainbat tabernetan. Informazio guztia hemen.