Ategorrietako sarraskia oroitu du Kontseilu Sozialistak
Ategorrietako Erlojuaren parean, Guardia Zibilaren destakamentu batek manifestariei tiro egin eta 10 langile erail eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen.

Donostiako Kontseilu Sozialistak antolatuta, hainbat lagun elkartu dira igandean, Trintxerpeko Gudarien plazan, Ategorrietako sarraskia oroitzeko egindako ekitaldi politikoan.
Gertakizunei dagokionez, Pasaiako arrantzaleen bizi baldintzen okertze orokortuaren aurkako erreakzio gisara eman zen borroka prozesu guztia, grebalarien eskaerak hauexek zirelarik: 300 pezetako soldata Sole Handira eta Irlandara lan egitera zihoazenentzat, 15 ordu baino gehiagoko lan egunik ez edukitzea eta astean behin deskantsurako egun bat edukitzea. Armadoreen erantzuna “garbia” izan zen hasieratik, eta grebalariekin adostasun batera iristeko ate guztiak itxi zituzten. Tentsioa igo ahala, Espainiako II. Errepublikako ordezkaria bitartekaritza lanak egitera behartuta agertu zen, baina argi utzirik egoerak eztanda egitekotan Errepublikaren “etsai” gisara hartuak izango zirela, eta beraz, “zigortuak”. Halaxe gertatu zen.
Maiatzaren 27an hainbat grebalari atxilotuak izan ostean, beraien askatasunaren eta grebaren aldeko aldarriekin milaka pertsona batu ziren Pasaiatik Donostiara egin zen manifestaziora. Zoritxarrez, ordea, manifestazioa ez zen helmugara iritsi. Guardia Zibila zain izan zuten Ategorrietan, eta hauek ez zuten zalantzarik eduki manifestarien aurka tiro egiteko, hamar hildako eta 33 zauritu izan zelarik ondorio lazgarria.
“Oroimen hutsetik” haratago, “irakaspenak ateratzea” da Kontseilu Sozialistaren helburua: “Ia mende oso bat pasatu bada ere, historiaren garai ilunenen oihartzunek geroz eta indar handiagoarekin kolpatzen dute egungo errealitatea. Indar polizialen areagotzea, zigor kodearen gogortzea, zentzu komun erreakzionarioaren areagotzea, talde faxisten gorakada…”.
Adierazi dutenez, “ongizatea atzean gelditu den aroa” da guri tokatu zaiguna, krisiak markaturikoa, alegia: “Gero eta argiago gelditzen da soilik proletalgoaren antolakuntza politiko independientearen bidez irauli daitekeela burgesiaren biolentziaren normalizazioa, bizitza miserableetara kondenatzen gaituen egoera hau; duintasunak izen bat baldin badu, hori komunismoa dela”.
Honela, ideia horren baitan omendu dituzte Pasaiako sarraskian eraildako arrantzaleak, borroka delako “proletariotzaren bizitzari zentzua eta ohorea ematen dion tresna nagusia”.