Naturan, giro ederrean eta Porrotxekin ospatu dute Auditz Akular Eguna

Altza XXI herri ekimenak Euskaraldiaren barruan antolatuta, Auditz Akular eguna egin zuten larunbatean Altzako berdegune horretako Eguzkitza parkean, giro ederrean. Jai giroan pasatu zuten eguna, baina aldarrikapenak alde batera utzi gabe, izan ere, eremu horren balio naturalak eta sozialak nabarmentzea zen helburua, baita bertan 3.000 etxebizitza eraikitzeko asmoei aurre egitea ere —HAPO berriaren aurrerakinean daude jasota asmo horiek—.
Horrela, goizetik, altzatar ugari parkean gora eta behera ibili ziren, musikari eta Porrotx pailazo maitatuari jarraiki, haren bisita eta babesa izan baitzuten. “Albiste on bat” ere eman zieten antolatzaileek bertaratutakoei: “Jaurlaritzak plan orokorrean aurrerabide fasean eman behar izaten duen ingurumen organoaren irismen dokumentuan, Auditz Akularren ez eraikitzea gomendatu du. Nekazal lur estrategiko izateagatik eta ibarretako balore ekologikoengatik sortu da 800.000 metro koadroko eremu hori urbanizaziotik babestu behar dela gomendatzeko txostena”.
Bestalde, Altzako balkoietatik banderola berdeak zintzilikatzea bultzatuko duen kanpainari hasiera eman zioten. 2010aren bueltan ere antzeko kanpaina bat egin zuten, orduan ere Auditz Akular babesteko.









