Udaberriko festak hartuko du Martutene, maiatzaren 30ean

Tratu onaren aldeko jaia da Martuteneko Udaberrifest jaialdia. Duela bost urte sustatu eta sortu zuten, eta, ordutik, urtero ospatu dute auzoan. Aurtengoa hilaren 30ean izango da, 16:30etik 20:00etara.
“Martutenen hezkuntza komunitatetik eta beste talde batzuekin lantzen ari garen plan baten jaialdia da. Askaria, musika, tratu onaren aldeko futbol topaketa, txapak, bizikletak, jokoak, erakusketak eta sorpresa gehiago”, azaldu du Sarroeta auzo elkarteak.
Hiru helburu nagusi ditu tratu onaren aldeko festak: “Lehenik, haurren eta nerabeen tratu on ematearen aldeko auzoko planaren berri ematea eta egin/egingo diren berrikuntzen berri auzotarrak jakinaraztea. Bigarrenik, auzoko eragile desberdinen erakusleiho izatea eta bertan urtean zehar egiten diren jardueren/ekintzen berri ematea. Eta hirugarrenik, Ur-umeak proiektuaren erakusketaren tokia izatea. Azken urteetan ibaiaren osasunak hobera egin duen arren, auzokide gehienak ibaiari bizkar emanda jarraitzen dute. Proiektuaren helburua ikuspegi positiboarekin auzoa eta auzotarrak ibaiari begira jartzea da”.
Aurtengo berezitasunak
Aurreratu moduan, Ur-umeak egitasmoaren erakusleihoa izango da aurtengo Udaberrifest jaialdia. Proiektu honek auzoa ibaiari ikuspegi positiboz begiratzeko helburua du, urteetan pairatutako uholdeez harago begiratzeko. Hainbat ekimen egingo dira proiektu honen inguruan eta Udaberrifesten erakusketa egingo da. Haurrak kazetari jardueran 12 urteko haurrek elkarrizketak egin dizkiete auzoan ibaiarekin zer ikusia duten pertsona desberdinei eta podcast bat sortu dute. Hau, maiatzaren 30eko festan entzun ahal izango da lehen aldiz.
Bestalde, Sol Band taldearen bisita izango da egitarauaren beste pizgarrietako bat. Gazatik iritsi berri diren eta auzora bizitzera datozen musikari hauei harrera komunitarioa egiten hasteko lekua izango da. Elkar ezagutu eta kultura partekatzeko aukera izango dute musikaren bitartez. Haiek kanta pare bat eskainiko dituzte, eta gero kantujiraren bidez, euskaraz beste bi kanta herrikoi abestera gonbidatuko dituzte.
Auzo mailako partaidetza
Azken bost urteotan auzo mailako partaidetza prozesu bat jarri dute abian, Martuteneko Arantzazuko Ama ikastolarekin, gurasoen elkartearekin, Sarroeta auzo elkartearekin, Etxarriene gaztelekuarekin eta haur txokoarekin. Era berean, prozesuan parte hartu dute Donostiako Udalako Partaidetza, Gizarte Ekintza, Kultura eta Gazteria Sailetako ordezkariek. Udaberrifest jaialdiak HeziZerb Elkarteak parte hartzen duen Trenzas-Educo programaren laguntza eta babesa du.