Vista Eder etxearen eraisketan delitu zantzuak daudela dio fiskaltzak

Ancora elkarteak jakinarazi duenez, delitu zantzuak antzeman ditu Gipuzkoako Fiskaltzak Vista Eder etxearen eraisketan. Gogoratu behar da etxe hura bota zutela Nobu izeneko luxuzko hotela eraikitzeko. Mirakontxa pasealekuko 32. zenbakian zegoen eraikina eraisteak eta baimendu gabeko altuera handitzea legez kanpokoa izan daitekeela dio fiskaltzak.
“Maiatzaren 9ko ebazpenean ondorioztatzen denez, babestu beharreko elementu iraunkorrak suntsitu dira, eta interes historiko, artistiko, kultural edo monumentalagatik bereziki babestutako eraikina larriki aldatu da”, azaldu du Ancorak.
Hirigintza Sailaren “kontrol falta harrigarria” dela deitoratu dute, “proiektuak hainbat fasetan obra lizentziarik gabe jarraitzea ahalbidetu zuelako”. Horrekin batera, Hirigintza Saila eta lursailaren jabea “elkarlanean” aritu direla dio Ancorak, “hotela berriro ireki ahal izateko, baita jarduera lizentziarik gabe jarduten ari zela frogatu zenean ere”.