Zein hizkuntza du hizkuntzarik ez duenak? Bertso ibilaldi bat Parte Zaharretik
Donostiako Parte Zaharretik barrena, hiriak euskararekin dituen loturak ezagutu ditugu Nerea Arriola aktorearen eta Beñat Gaztelumendi bertsolariaren eskutik. Euskaraldiaren harira antolatu du Bagera elkarteak bertso-ibilaldi gidatua.

Hiriko bost geltoki esanguratsu, irri eta kantu. Antzoki Zaharrean egin dugu zita, behin batean Donostian, poeta erromantiko bat bazelako: Bilintx. Antzoki Zaharrean zegoela harrapatu zuen bonba batek bertsolaria, eta haren oroimenez izan da ibilaldiko lehen geltokia. Batu, eta kantuan hasi gara. Aspalditik kontatzen da historia musikaren bitartez, baina gutxitan egin du hala Beñat Gaztelumendi bertsolariak, bere lehen aldia dela aitortu baitu.
Nerea Arriola aktorearekin batera, bisitatu ditugun txoko guztietan hiriaren historia kulturalaren zertzeladak eman dituzte. Gaztelumendik letra aldatutako bertso sorta eskutan, euskal industriaren krisiari egin diogu kritika, munduko interesei. Nahi eta ezinari kantu, sorterriari, hizkuntzari. Tira, batek garai hartan bezala bizi behar badu… ez du gaizki egingo sartzea soldadu.
Elbira Zipitriaren oroitzapenarekin egin dugu topo Fermin Calbeton kalean. Eskola klandestino bat izan zuen irakasleak han, urte luzez, garai hartako diktadurari bizkarra emanez. Diotenez, garrantzitsua da hizkuntzak jakitea; euskaraz egitea, ordea, debekatuta zegoen. Debekatuta, hitz egiten zekiten hori. Klandestinoki hitz egiten zena, herrialdetik kanporatuak izan nahi ez bazuten. Ezkutukoa, etxeko lau hormen artean soilik hitz egin zitekeena. Etxeko lau horma horiek baitziren bakerako lubaki bakarra. Hizkuntza bat zuten eurek ere. Bakarra, akaso. Baina lau hormetatik haratago ez zuten halakorik. Zein hizkuntza du, orduan, hizkuntzarik ez duenak?
Berria, konstituzio zaharrarengatik
Plaza Berriari jarri dizkiogu bertsoak San Jeronimo kalean. Konstituzio Plaza izenarekin ezaguna den arren, jatorriz, ez du inolako loturarik gaur egun indarrean dagoen Konstituzioarekin. 1812an Cadizen (Andaluzia, Espainia) onartutako La Pepa Konstituzioaren garaian jarri zitzaion izena eta, 200 urte baino gehiagoren ondoren, izenari men egiten diote askok, oraindik ere.
Arriolak kontatu duenez, Donostiako kaleetako plakak euskaraz zeuden lehen, gaztelaniara pasa zituzten gero, eta Konstituzio horretan aldarrikatu zen, lehen aldiz, Espainiako Estatuan hitz egiten ziren hizkuntza guztien presentzia; tartean, euskararena. Lehen pribilegio bat zelako euskaraz hitz egitea, gaur egun, oraindik ere, askorentzat baden moduan. Aldarrikatzeko momentua izan da San Jeronimo kalekoa: publikoa ez dena, ez da existitzen. Zapalkuntzak ere baduelako zerikusirik hizkuntza baten mantentzearekin.
Laboarekin kafe bat
Euskal herritar askoren bizitzaren soinu bandak berpiztu dira San Juan kalean, Mikel Laboari eskainitako plakaren azpian. Txoria txori entzun da, bat-batean. Kasualitateak ere bisita egin nahi izan digu, akaso. Gaztelumendik iraganera egin du salto, eta hortxe irudikatu ditugu biak, errima artean. Gaztelumendi eta Laboa, kafe baten bueltan. Eta gu hor, kafe horrekin gozatzen.
Bertaratuen artean irribarre nostalgikoak nabaritzen zirela, Gaztelumendi kezkatuta agertu zaio Laboari, kultur ekintza berriro abian jartzeko krisialdian, botereak kasurik egiten ez baituelako. “Euskaraz kantatzeak badu zentzurik?”, galdetu dio Gaztelumendik. “Beñat, hau ez da ez Madril, ez Paris”.
Ibilbide guztian zehar lagundu gaituzten musikarien kalejira doinuekin batera, Zuloaga plazara abiatu gara; han amaitu dugu bidaia historikoa, hasieran baino jende gehiago elkartuta: “Jendea gehitzen joan da, eta polita izan da hori. Gustura egon direla uste dugu”, esan du Arriolak. “Jendeak badauka interesa Parte Zaharra beste alde batetik ikusteko”, Gaztelumendik.
Ikastolak izan dira nagusi azken geldialdian, Orixe ikastolari omenaldi txiki bat eginez. Euskararen aldeko apustua egin zuten askok euren seme-alabak Orixe ikastolara eramanez, eta, gaur egun, bizirik dirau proiektuak. Horren harira, kulturaren biziraupenean herrigintzak duen garrantziaz aritu da Arriola; zapalkuntza zapalduz bakarrik lortu daitekeelako kaleak ere lubaki izatea, euskaraz aske hitz egiteko lubakirik ez izateko. Zeren, ez. Hau ez da ez Madril, ezta Paris ere.