Ategorrietako sarraskia oroitzeko lore eskaintza egin du EH Bilduk

Urteroko legez, Ategorrietako sarraskia gogoratzeko ekitaldia eta lore eskaintza egin du EH Bilduk Ategorrietako erlojuaren ondoan dagoen plakan. Hain zuzen ere, gaur, hilak 27, 94 urte bete dira sarraskia gertatu zenetik. EH Bilduko Donostiako eta Pasaiako hainbat zinegotzi bildu dira bertan, baita herritar batzuk ere. Hain justu, Ategorrietako ekitaldia amaitzean, Pasaiara joan dira bertaratutako hainbat, bertan ere sarraskia oroitzeko ekitaldia egin baitute goizean.
Markel Ormazabal zinegotzi donostiarrak gogorarazi duenez, “gerra testuinguru batetik kanpo euskal herritarren aurkako XX. mendeko indarkeria ekintza handiena da” Ategorrietako sarraskia eta, horregatik, beharrezkoa da ahanzturan ez gelditzea.

Ategorrietako sarraskia oroitzeko ekitaldia egin du EH Bilduk erlojuaren ondoan dagoen plakan. Argazkian, Markel Ormazabal zinegotzia sarraskiko gertakariak azaltzen.Beñat Parra
Izan ere, Guardia Zibilak zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietako erlojuaren inguruan 1931ko maiatzaren 27an, baita beste 33 zauritu ere. Pasaiako arrantzaleek haien lan eta bizi baldintzak hobetzeko jo zuten grebara 1931ko maiatzean, eta Trintxerpetik Donostiara martxa bat egiten ari zirela, Ategorrietako erloju inguruan, tiroz egin zuen haien kontra Guardia Zibilak.
Halaber, Ormazabalek nabarmendu du “kontakizun guztietan” kontatzen dela manifestazioaren aurrealdean emakumeak zihoazela, baina gerora, emakume horiek ez dutela izan bertan zeuden gizonek izandako trataera bera. Soilik manifestazioan zeuden bi emakumeren izenak jakinak direla azaldu du zinegotziak, zaurituen artean egon zirelako: Carmen Candajal (edo Candanal, iturri batzuen arabera) eta Providencia Agueita. Sarraskiaren 90. urteurrenaren harira, gertakariei buruzko erreportaje zabala argitaratu zuen hedabide honek; hemen daukazue irakurgai.