Manteoko bizilagun bat identifikatu dute goizeko elkarretaratzean
Bizilagunek manifestaziora deitu dute biharko (hilak 28), Manteoko frontoitik abiatuta.

Manteo kaleko hainbat bizilagunek asteak daramatzate auzunearen egoera eta, bereziki, Basque Culinary Centerren GOe eraikin berriaren lanak eragiten ari diren irisgarritasun arazoak salatzen. Hain zuzen ere, Nafarroa etorbidetik Manteo ingurura doazen eskailerak kenduko dituzte lanen ondorioz, eta auzunera iristeko sarbide logikoena izanik, eserialdia egin dute bertan astearte honetan, goizean goiz hasita. Atzo ere hori bera egin zuten eta tentsio uneak bizi izan zituzten Amenabar enpresako langile batzuekin.
Bizilagunek hedabide honi azaldu diotenez, gaurkoan, bertan eserialdia egiten ari zirela, langile batzuk inguruan lanak egiten hasi dira eta, bizilagunak kentzen ez zirela ikusita, “Ertzaintzari deitu diote”. Horrela, agente batzuk bertaratu dira, “bizilagun bat identifikatu dute” eta “isunak jartzen hasiko zirela ohartarazi dute”. Horren aurrean, bizilagunak altxatu eta joan egin dira.
Azaldu dutenez, bizilagun batzuk Eneko Goia alkatearekin eta Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziarekin bildu diren duela aste batzuk, auzunearen irisgarritasun arazoez hitz egiteko. Eskaileren harira, espresuki beste bilera bat eskatu zuten bizilagunek eta, nabarmendu dutenez, hain justu gaur goizean, udaleko mezu bat jaso dute, eskaera horri erantzunez eta bilera hori egiteko data bat zehazteko proposamenarekin.
Ostegunean, eskailera horien gaia jorratu da udalbatzarrean, eta bizilagunek iragarri dute bertan egongo direla. Horrez gain, manifestazioa egingo dute bihar (hilak 28), Manteoko frontoitik hasita.