Sei greba egunetatik lehena egin dute Gizarte Ekintzako langileek

Udalarekin egindako bileretan negoziazio mahaiak ez du akordiorik lortu, eta Gizarte Ekintzako langileek beste sei greba egun deitu dituzte datozen hiru asteetako astearte eta ostegunetan. Lehena gaur aurrera eraman dute. Lanuztearekin batera, udaletxetik abiatu den manifestazio zaratatsua egin dute goizean.
11:00etan irten dira Alderdi Ederrerantz eta handik Easo plazaraino joan dira. Erdialdeko kaleak txistu, zintzarri eta bonbo soinuz eta aldarrikapenez bete dituzte ordubete baino gehiago luzatu den protesta ekintzan. Besteak beste, Diskurtso gutxiago, baliabide gehiago; Idoeta egin maleta; Kalitatezko zerbitzu sozialak; Gari, entzun, zu zara arduradun… oihukatu dute. Halaber, bidean, esku orriak banatu dizkiete herritarrei giza baliabide gehiago eduki ezean kalitatezko zerbitzurik eman ezin dutela jakinarazteko.
Urdanetako Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzu aurrean amaitu dute, pixka bat lehenago Eason talde argazkia egin ondoren. Han azken bileretan hitz egindakoa laburtu die greba komiteak langileei eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak nola kudeatuko dituzten eztabaidatu dituzte.










